Hiru puntu eskuratu dauz Athleticek Ligako azken hiru jardunaldietan eta sailkapenera begira Alaves, Leganes eta Atleticoren aurka lortutako bardinketek balio bera euki arren, koltxoneroen aurka irabazitako puntuak balio erantsi itzela dauka. Esku eskuan euki eben garaipena Valverderen gizonek baina Griezmannek sari barik itxi eban etxeko taldea. Halanda be, inork ez eban hasarre urten San Mamestik. Athletic bikain lehiatu zan Europako talde onenetakoaren aurka eta itxura sendoa erakutsi eban. Horixe da bidea eta, emaitzen ganetik, horixe da gure taldeari eskatzen deutsaguna.

Leganesen emondako itxura negargarriaren ostean, Athleticentzat ezinbestekoa zan partidu on bat jokatzea, lehenbailehen bide zuzenera itzuli eta sortutako zalantza guztiak itzaltzeko. Atletico de Madrid aurkari gogorra da beti, baina markagailuan aurreratzea lortzen badau, koltxoneroek sortzen daben deserosotasuna biderkatu egiten da. Gauzak ezin txarrago hasi ziran domekan Katedralean, Kokek jaurtitako ganorabako baloi bat Iraizozen atean sartu zanean. Mutu geratu zan San Mames eta laino ilunak agertu ziran. Taldeak, baina, ez eban amore emon eta irauli egin eban markagailua. Vila-real, Real Madrid, Reala eta Malaga bakarrik izan dira gauza gol bi sartzeko Atleticori denboraldi honetan.

Taldeak ez eban zerikusirik Leganes edo Alavesen aurka ikusitakoagaz. Eneko Boveda eta Laporte sendo ebilzan atzealdean, Ander Iturraspe erdialdean eta Iker Muniain zorrotz erasora begira. Eta hori guztia, Aduriz eta Beñat barik. Simeonek aulkian zituan erasoko gizon guztiak zelairatu ebazan garaipenaren bila baina Griezmannen jokaldi bikain bati esker lortu eban bardinketea.

Hogeita bederatzi puntugaz amaitu dau Athleticek lehen itzulia, igaz baino puntu bat gehiagogaz. Puntu gehienak etxeko partiduetan lortu dabez zuri-gorriek, hogeita bat hain zuzen be, eta zortzi bakarrik etxetik kanpo. Esan beharrik ez dago, bigarren itzulirako lehentasun nagusia etxetik kanpoko partiduetako maila eta emaitzak hobetzea dala. El Molinon, Cornella, Insular edo Butarquen gertatutakoa ezin da errepikatu, taldeak sailkapeneko goialdean amaitu gura badau. Ganera, bigarren itzulian hamar partidu jokatuko dauz Athleticek etxetik kanpo eta bederatzi Katedralean. Beste era batera esanda, Valverderen taldeak erregulartasuna eskuratu behar dau. Ezin da hainbesteko aldea egon etxeko eta kanpoko partiduen artean.

Baikor egoteko arrazoiak dagozala uste dot. Taldeak maila bikaina emon dau Bar-tzelona eta Atletico de Madriden aurka San Mamesen. Beraz, ez jako futbolean joka-tzen ahaztu. Beste alde batetik, taldeko zutabe batzuk euren maila onena emoten hasi dira, Laporte, Iturraspe edo Muniain. Valverdek jokalari garrantzitsuak berreskuratuko dauz bigarren itzulirako. Oscar de Marcos hasi da jokatzen eta Yeray be laster hasiko da. Valverdek esan dau entrenamendu saioak oso garrantzitsuak dirala taldearentzat eta hurrengo asteetako partiduak ondo prestatzeko aukerea eukiko dabe zuri-gorriek kopatik kanpo geratu ostean. Azkenik, estatistikari begiratuta, Valverderen taldeak bigarren itzuli onak egin dauz beti. 34 puntu lortu zituan aurreko denboraldian, 36 puntu 2014-15ean eta 34 entrenatzailearen lehen urtean. Badago kontutan hartzeko beste faktore bat: Adurizen eraginkortasuna ate aurrean. Sei gol sartu ditu lehen itzulian. Hogei sartu zituan igaz liga osoan. Aduriz zorrotzena behar dogu bigarren itzulian. Beste behin, ikusi daigun botilea erdi beterik.