Blowin’ in the wind
HAIZEAK darama” bezala itzultzen du Bob Dylan-en kanta ezagun eta eder hau, bere garaikide den gure Orioko bardoak, Benito Lertxundik. Garaikide, Minnesotako musikari eta poeta handia 1941.05.ean sortu zelako, zortzi hilabete geroago oriotarra. Ez noa inondik inora bata besteaz aldera-tzen. Ezagutzen dudan Blowin’-en lehen euskarazko erabilera Benitori entzun niolako jarri dut datu hori. Gerora, hainbat dira han hemen, batez ere bertsolariak ehunka aldiz erabiltzen dutelako hain aire goxoa. Nobel sari nagusia eman diote Dylan-i Literaturaren alorrean. Historian lehenbizikoz eraman du sari preziatu hori idazle ez den inork eta, jakina, sorpresa nabarmena, lehenik, eta zenbait aldarri eta protesta gero. Ikusi ez duzuenontzat, Sueziako Nobel Fundazio horrek hemendik 50 urterarte ez du epaileen arrozoirik emateko ardura.
Berri hori eman zuten egun berean zendu zen beste Nobel saridun bat, Dario Fo. Nobeldun juglarra bezala jarri zuten 1997.ean, juglarra bazen ere, teatro konprometituan lan mordoa egin arren, komeria franko dago bere lanetan, umorea ironia kargaz txertaturik idatzi zuelako. Idatzi ez ezik, antzerki oholtzara sarritan igon zuen bai taldeko lanak bai berak ida-tzitako bakarkako edo monologoak antzezteko. Mailaz zerbait behera etorri eta asteon eman da 600.000 euroz ordaintzen den Planeta saria ere. Ondo irakurri duzue, ezagutzen genituen peztetan 100 milioi. Izan ditu, Dolores Redondo donostiarrari, saria eman dion epai-mahaiak ere entzutekorik. Atseginez irakurri nion Baztan aldean hedatzen den hiruko edo trilogia luzea. Hori behar du nobela beltzak, irakurlea kateatzea, hain zuzen.
Gai beretsuan, etxera etorriz, Euskadi Literatura sariak eman dira eta horietan ere apenas da gustora geratu denik. Ez aurten ez aurrekoetan. Hauetan ere aldarria idazleengandik dator. Hiru kasuetan galderak ezinbestekoak iruditzen zaizkit. Eman behar dira sari hauek? Zeinek epaitu behar ditu? Erantzuna... “Blowing in the wind”.