BEHARBADA ez gara egiten ari garenaz konturatzen, akaso ez ditugu ezagutzen, behar beste baloratzen gure aurrekoek euskara batzeko egin zituzten ahaleginak, igaro behar izan zituzten nekeak eta nahigabeak, mugiaraziriko iner-tziak eta oztopoak... bai, beharbada ez gara jabetzen eremu geografiko eta administratibo desberdinetan bizi garen euskal herritarrok elkar ulertzeko, herri gisa indartzeko, besteak beste hizkun-tzak, euskarak joka dezakeen paperaz, ez alegiazkoa, bene-benetakoa baizik.

Konbentziturik nago Gandiagak idatzitako poemak gaurkotasuna ez duela galdu dioenean urtu, desagerrarazi, asimilatu, berdindu nahi gaituzten inperioei aurre egiteko, gaur eta hemen, euskara adinako desafiorik ez dagoela; ez dagoela euskara adinako askatasunaren aldeko itxarobiderik.

Harridura eta nahigabea sorrarazten dizkit komunikagarritasuna, hiztunentzat hurbilekoa den erregistroa eta euskara batua aurrez aurre jarri nahi direnean. Bata, eguneroko jardunerako eta, bestea, eskola edo erabilera formaletarako dela esaten denean... eta tokian tokiko erregistroak idatzira eramaten direnean, kontrakzioak, fonetismoak eta ortografia akats eta guzti. Neure buruari galdetzen diot erdarekin berdin jokatzen ote dugun, horren narras ibiltzen ote garen.... andaluziarrek, galegoek, katalanek, madrildarrek... gaztelaniaz dakiten guztiek hitz egiten duten eran, bakoitzaren ahozko jardun hori -horrek ez du esan nahi zabarkeriaz egin behar denik- egunkarietan, liburuetan, administrazioan, jaietako egitarauetan edota pelikuletako izenburuak aukeratzerakoan islarik ote duten. Ezetz esango nuke.

Edonon Var Conchita (baitaude b eta v hizkiak bereizten ez dakitenak) ikusiko bagenu, ziur naiz ez lukeela asko iraungo eta ahalik lasterren zuzentzeko ahaleginak egingo liratekeela, horrek gastu gehigarria suposatu arren. Euskarari dagokionez, ordea, tabernei, saltokiei, jantokiei, menuei, askotariko ohar zein iragarkiei, kaleen izenei eta bestelakoei begiratzea baino ez dugu behar gure hizkuntza zein ardura gutxirekin erabiltzen dugun konturatzeko. Eta horietako askok urteak daramatzate horrela, zuzendu gabe. Inguruabar horretan, berriki XIX. mendean bizi izan zen munduko pertsonarik altuena, Altzoko Handia oinarritzat hartuz, pelikularen filmaketarekin hasi direla jakinarazi da. Hara izenburua: Aundiya... Auzo lotsa!

Besteak beste, Euskal Herrian ekoitzi eta ikusi behar den pelikula baterako ez zegoen hori baino izenburu aproposagorik, antza denez; beharbada, frantsesezko, ingelesezko eta gaztelaniazko -euskaraz gainera baliatuko diren bestelako hizkuntzak- jardunek izenburuak iradokitzen duen maila trakets bera erakutsiko dute. Zalantzak ditut! Pelikula XIX. mendean girotua egotea ere aitzakia ezin izan daiteke... logika berarekin arituz gero, gure artean horren ezagunak diren erromatar giroko pelikulak duela bi mila urte pasatxo erabiltzen zuten hizkun-tzetan eskainiko lirateke eta.

Zinez, ez gara ohartzen gure hizkuntzari, hiztun-elkarteari, egiten ari gatzaizkion kalteaz. Gero etorriko dira ondorioak... galdutako denbora berreskura-tzerik ez dugunean!