HOGEITA hamar urte betetzen dira gaur orduko hartan Sobietar Batasunaren parte zen hiriak gure artean entzutea lortu zuenetik -Txernobyl Ukrainako zati denez gero, ukraineratik abiatuz gero, ordea, goiburuan jasotako transkripzioa dagokio-. Urtemuga, beraz, orain arte ezagutu gabeko hondamendi nuklear handiena gertatu zenetik, milaka pertsona haien bizilekuak uztera kondenatu, kontaezinak hil, lursail handiak kutsatu eta Europako herrialde ugari laino hilgarri batek azpian hartu zituenetik... eta denbora igaro da, horrenbeste, non istripua gogoratzen ez dugun, nahiz eta gertaturikoa belaunaldi desberdinek oharkabean pairatuko duten etorkizunean.
Hainbat hanka sartze gertatu ziren katean istripua eragin zutenak. Hasieran, ingurukoei ezer adierazi ez eta isiltasuna gorde-tzeari ekin zitzaion, harik eta, istripuaren tokitik oso urrun an-tzemandako partikula kutsakorrak aztertu eta azken egunetako haizearen norabidearekin lotu zituzten arte... Sobietar Batasuna deiturikoan kokatu zuten iturburua. Ondoren, erdizka, adierazpen luze batean onartu zuten agintariek jazotzen ari zena, bai eta herritarrak ingurutik atera-tzeko agindua eman ere. Etxeak eta inguruak uztea egun gutxitarako omen zen... gehienek ez dute kutsaturiko inguru horretara berriz bueltatzeko modurik izan!
Urteak igaro dira agintariek zentralean eragindako sutea amata-tzen eta osteko lanetan ibilitakoak bazterrean utzi dituztela, jada ez baitira nahitaezkoak. Hasieran makinek egin ezin zituztenak beren eskuekin egin behar izan bazituzten ere, euren osasuna eta geroa erabat baldintzatuz... beste horrenbeste urte ordukoei, bai eta haien ondorengoei ere bizkarra erakutsi geniela, hasiera bateko hurbiltasuna ezerezean geratu baita. Oroimen arinekoak baikara gizasemeok halako zein bestelako gauzetan.
Han dago hutsik istripua gertatu eta egun gutxitara estreinatu behar zuten aisialdiko parkea; eskolaren atearen parean abandonaturiko umeen zapatek eta zapatilek jada ez dute hankarik bidelagun izango... eta inguruak hauts metaliko batek hartu ditu; agintariek lurrean ezer ez uzteko aholkua eman diete bisitari apurrei, ez dakit seguru zerk bultzatuta heriotzaren eremua bisita-tzera doazenei... Zinez... hor dago gure obraren, zentzugabekeriaren emaitza ikusi nahi badugu... orain arte ez baitugu ikasteko borondaterik erakutsi... maldan behera segitzen baitugu, nahierara, gure bizitokia hondatzen, gure ekintzen erantzule egiten ez garela.
Sarkofago berri bat ari dira eraikitzen, arrapaladan eginikoaren, pitzatuta eta erortzear dagoenaren barrunbeak gordetzeko. Ehun urte irautea begiz jo da, antza denez... Ai barruan bidenabar gure itsutasunak, harrokeriak, ergelkeriak, handikeriak eta ezintasunak urte gehiagoz gordeko balira.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">