GEROZ eta sarriago entzuten dut: gurasoek haien seme-alabei behin eta berriz euskaraz jardun dezaten esaten dietenean, hainbatetan -bereziki errieta baliatzen dutenean- kontrako efektua lortzen dute, batez ere nerabezaroan. Aldi horretan, besteak beste, agintearen, bai eta inposaketen aurrean oldartzen dira eta. Ondorioz, ustez ezarri nahi zaien hizkuntza baztertu eta bestelako bat hautatzen omen dute -kasualitatez -?- ia guztiok darabilguna-. Zalantza handiak ditut errietaren eta erdarak baliatzeko joeraren arteko lotura egiazko zerbait ote den... eta bestelako faktoreak ezkutuan ez ote dauden.

Esate baterako, erdaraz lasaitasunez eta normaltasunez bizi diren familietako gazte elebidunek, horietako gehienek D ereduko edo ikastoletako ikasleak, zergatik ez diote agintekeriari aurre egiten euskaraz nonahi eta nolanahi hitz eginez? Erdaren alde azpimarratzen den ezkutuko edo ageriko joera ia automatiko hori ez ote da gaztelania eta frantsesa beharrezkoagoak, presenteagoak, normalagoak, oro hartzaileagoak, aukeretan ugariagoak, bai eta gazte elebidunak -oro har- hizkuntza horietan are erosoago sentitzen direlako ere? Ez ote gabiltza guztiok egiazkoa ez den zerbaiti hauspoa ematen, barreiatu dugun gezur soziala etengabe elikatuz? Ez ote gabiltza auzoari eskatzen gu egiteko prest ez gaudena?

Etorri berriez hitz egitean zenbat bider entzun dugu haien integraziorako giltzarrietako bat euskara jakitea dela. Galdetu diezaiegun herri eta hiri handietako etorri berriei -ez galdetu halakorik hemen jaiotakoei, purrustadaren bat entzun nahi ez baduzu- euskara ote den haien egunerokotasunean bizi ahal izateko behar duten hizkuntza... eta ez harritu halako hizkuntzarik baden galde-tzen badizute. Izan ere, gure gizartea batez ere erdaraz, ia kontraesanik gabe eroso bizi da!

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza sistema euskaraz bizi da, geroz eta nabarmenago... baina hori ez da normala, erdaren itsaso zabalean anomalia bat da... ikasgeletatik irtetean erdarek betetzen dituztelako zirrikitu ia guztiak. Hari berari ten eginez, azpimarratzen dugu aisialdiko halako edo bestelako jarduerak euskaraz eskaintzeak duen garrantzia. Ni ere iritzi berekoa naiz. Horrexegatik, asaldatzen naiz gazte elebidunei zuzenduriko aisialdiko eskaintzarik zabalena, oparoena, dirulaguntza publikoen bidez eusten dena batez ere gaztelaniaz egiten denean. Beste horrenbeste esan dezakegu kirolaren eremuan zein bestelakoetan egiten direnez ere.

Euskarari normaltasuna, bizitokia ziurtatzea da kontua, euskara higatzen ari den asimetria gainditzen saiatuz. Bestela alperrik gabiltza... normaltasuna, hizkuntza bakoitzari nagusitasunez edota esklusibotasunez aritu ahal izateko jardun-eremuak aitortuz; jarraikortasun espaziala, geografikoa eta fun-tzionala ziurtatuz; normaltasunari izkina eginez gero, euskarak ez duelako belaunez belaun bizirauteko modurik izango etorkizunean.