AZKEN urteetan urtero zerbitzu publikoei eutsi ahal izateko dugun eginbeharraz ohartarazi gaituzte erakundeek. Inguruabar horretan, aldioro iruzurrari aurre egiteko asmoz, bai eta iruzurgileak jazartzeko ere egiten duten ahaleginaren eta emaitzen berri ematen zaigu. Kontua da guztiok egin behar dugula gure ekarpena gutxieneko azpiegiturei, oinarrizko zerbitzuei zein bestelakoei eutsiko badiegu... guztiok askatu behar baitugu zerbait baldin trukean eskatzeko eran egongo bagara!
Egia da hainbatetan gure artean erakundeen esku jarririko baliabideen erabilerak eztabaida sorrarazten duela, batzuetan gizarte errentagarritasunik ez dakarten azpiegituretan neurririk gabe xahutzen direlako, gardentasunez kudeatzen edo lehentasunak garbi ikusten ez direlako, eskrupulorik ez duten hainbatek emaniko konfiantza urratu eta baliabideak nahierara erabiltzen dituztelako eta abar... baina horrek ez du inolaz ere iruzurra justifikatzen, ez eta iruzurgileak aterpean hartzen ere.
Edonola ere badira mezu eta jokabide batzuk hilgarriak bilakatzen direnak. Esate baterako, Noos auziaren harira, auzo lotsa sorrarazi zidan Espainiako Erregearen arrebak eginiko ustezko iruzurra dela eta, Ogasuna denok gareneko hori marketing soila baino ez dena entzun behar izateak, denon interesak defendatu behar dituztenen aldetik. Berdin esango ote lukete auzipetua beste norbait izan balitz?
Urteetan diru parrastadak pilatu dituzten batzuek baliabideak dituzte, beste batzuek ez dituzten moduan, ingeniaritza juridikoa eta fiskala erabiltzeko eta haien eginbeharrei izkina egiteko. Gauzak horrela, droga eta arma trafikatzaileen ondoan zerga paradisuetako bulegoetako bezero bihurturik politikariak, enpresariak, kirolariak zein eta bestelakoak ikusten ditugu, guztiek xede bat eta bakarra buruan dutela: dituztenak ezkutatzea eta ahalik zergarik txikienak ordaintzea. Asko duenak are gehiago pilatu nahi baitu, gehiengoaren zailtasunak gorabehera.
Ustezko iruzurgileetako ba-tzuek nolako ospea eta itzala duten eta herritarrek desmasiak nola barkatzen dizkieten -egiten dituztenak gorabehera- aten-tzioa deitzen du. Izan ere, lotsarazteko modukoa den jarrera horrek arbuioa eragin beharko luke, zerbait suabea esatearren.
Baina iruzurgileei ez zaie aten-tzioa deitu behar bakar-bakarrik. Iruzurra ez litzateke horren erraza izango ezinbesteko bidelagunak diren lurraldeak tartean egongo ez balira... horietako batzuk europarrak. Halakoak ere jazarri egin beharko lirateke, erraztasunak ezabatuz eta baztertuz.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">