EUROPA krisi sakonean murgilduta, nora ezean dago funtzionamenduaren, erabakiak hartzeko moduaren, baloreen eta ekonomiaren ikuspegitik. Horrek dakar, besteak beste, Europako erakundeetarako hauteskundeak egiten direnean herritarrek geroz eta parte hartze txikiagoa izatea, bai eta Europar Batasuna kolokan jar dezaketen mugimenduak indartzea ere.
Herritarrek ez dakite erabakiak nola har-tzen diren, ez eta hartzean, oinarritzat harturiko irizpideak zeintzuk diren ere. Oso urrun, geroz eta urrunago ikusten baitira kontuak, gaiak gutxi batzuek maneiatzen dituztela, haien interesen arabera. Interes-taldeen morroi bilakatu da Europa, horrek dakarren guztiarekin. Horrela antzeman daiteke defizitari buruzko erabakiak hartzen dituenean eta herrialdeei ezartzen dizkienean ere; bankuen jardunarekiko apal eta, zorra herritar guztien bizkarrera eramateko orduan, horren jarrera eskuzabala erakusten duenean; atzerri politikan iritzi eta ekimen bateratu bat eramaterik ez duenean; itsasoan milaka lagun hiltzera eramaten ari den eta pertsonen duintasunarekin eta bizitzarekin trafikatzen duen egoerari aurre egiteko gauza ez denean eta abar... bai esanak-esan Europa desegiten ari da, boteretsuenen txorimaloa bilakatzen ari da.
Potentziek -batzuk Europako Batasunako kide badirenak- munduan zehar sorrarazi dituzten arazoek ekarri dute azken urteetako migrazio-olde indartsua. Batzuk urtetan irauten duten gatazkek eraginda, beste batzuk azken aldikoek ekarrita. Migratzaile guztiek bizitzeko, garatzeko aukera bat eskatzen ari dira eta Europak bizkarra erakutsi die, ez baita gai izan konpromiso zehatzak hartzeko, olde horri gizatasunez eta eskuzabaltasunez erantzuteko. Aitzitik, mugak berrezarri ditu, bai kanpokoak nola barrukoak ere... eta Turkia bezalako estatu bati bitartekoak ematen, Batasunean sartzeko erraztasunak negoziatzen ari da, etorri nahi dutenek bere mugak gainditu ez ditzaten.
Britainia Handiak ere alde bakarreko baldintzak -gainerako europarrek egoera eskasagoetan jardun dezaten, Europak hartzen dituen erabakietan salbuespenak onar daitezen eta abar- exijitu ditu, gainerako estatuek ordu txikietan irentsi behar izan dituztenak. Europako Batasunean mantendu ala ez erabakiko duen erreferendumaren aurretik. Beste batzuek diote Europak hartzen dituen erabakiak ez dituztela betetzeko asmorik. Beste herrialde ba-tzuek ez dute pisurik, garrantzirik ez eta ahalmenik ere nahi dituztenak gainerakoei irentsarazteko.
Horrela, zailtasunen eta ezintasunen aurrean, Europan muturreko alderdiak indartzen eta Gobernuak ahultzen joatea ez da arraroa... eta jada Europak ez dauka halakoei aurre egiteko aitzindaritzarik, bide-erakuslerik izateko makulurik.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">