HARRIGARRIA baina babes nahikorik ez duela, gaur egingo da alderdi sozialistaren buruzagiaren inbestidura saioa... noiz eta hauteskundeak egin eta bi hilabete baino gehiago igaro direnean. Akordioa horren era narras eta presa handiz ehundu da ezen izenpetu eta gutxira, kaleraturiko langileei eman beharreko ordainak direla eta, zuzentzen hasi diren... eta sina-tzaileak akordioaren onurak ezker eskuin azaltzen hasi dira, saltzaile on baten gisan.

Batek Espainiako batasunari eusteko hartu den konpromisoa aipatuz, PP alderdiaren aldeko edo, gutxienez, abstentzioa lor-tzeko lanean jarri da. Besteak, ordea, nahikoa helduleku ikusten du ezkerreko alderdien babesa lortzeko... eta hortik datorke lortu nahi duten lehenbiziko miraria, akordioan jasotako hi-tzak nahierara interpretatuz, batzuei zein besteei lekua egin ahal izatea sinestaraztea, hain zuzen. Eta dena ez da posible!

Eskuineko eta ezkerreko alderdiekin maila bateko edo besteko babesarekin gobernatu dezakezula saltzen ahalegintzea, herritarrei aurpegira iseka egitea da, baitakigu PP alderdiak aurreko legealdian zer egin duen, bai eta Ciudadanos bezalako alderdi batek defizitari, lurralde antolamenduari zein bestelakoei buruz zer defendatzen duen ere. Era berean, gobernatzeko eran-tzukizunik ez duten ustezko ezkerreko alderdiek proposatzen dituzten neurrien bideragarritasuna ere oso zalantzazkoa da. Ondorioz, aurkeztu zaiguna epe laburrera begira dagoen testua da, nire ustez. Badirudi legealdiari hasiera ematea bilatzen dutela, ez besterik. Barruko eta kanpoko klabean aztertu beharko litzatekeena. Batetik, datozen hilabeteetan erkidego batzuetan -tartean Andaluzian- egingo diren hauteskundeetan deskalabrua ekiditeko, Espainiako aurrekontuak eta inbertsio ahalmenak erabiltzea bilatzen duena. Bestetik, bi sinatzaileen aurkari politiko nagusiek -Podemos eta PP alderdia- indarra galdu eta hauteskunde berri batzuetan bestelako indar korrelazioa ahalbidetzea erraztuko duena. Bestela, zaila da ulertzen. Aurkeztutakoak ez du egonkortasuna eta ziurtasuna bermatzen.

Akordio itxi batera gainerakoak itsu-itsuan gehitu daitezen dei-tzea -PPk aurreko legealdian zehar erabili duen eskema berriz erreproduzituz- bestelakoen ekarria, proposamenak gutxiestea da. Era berean, aurkeztu den akordio zehatz horri akordio zehaztugabeak gehitu ahal zaizkiola esaten ibiltzea, matxuratutako motoa saltzen ahalegintzea da, ez besterik... Zerbaitegatik esaten da akordioa ahalik zehatzena izan eta aurretiaz ordaina jasotzea desiragarria dela. Gero dioenak, bego diolako! Azken urteetan eginiko ibilbideak erakusten digun bezala.