Status-a
ESTATUTO hitza erabiltzen dugunean -EAEn esan nahi dut- nahi gabe EAJ alderdira jotzen zaigu begirada. Konstituzioa aipatzerakoan, PSOE, PP, IU edota sortu berri batzuek seinalatzen ditugun bezala. Beraiek arduratzen dira gainera hori azpimarratzen, konstituzionalistak direla, alegia. Euskal herriko bigarren edo, kasu batzuetan, lehen indarra dena definizio horietatik landa dago. Independentistatzat dute burua. Erabakitze eskubidea aldarrikatzen dute, uste izanez bide hori erabakiko dugula, independentzia. Hitzak hitz, EH bi korronte nagusien artean, egunotan, bat egiten dituen hitza nabarmenduko dut. Bai EAJ, bai Bilduk, “estatus” berri baten aldeko aldarria darabilte. Ez dute bata ala bestearen estatusak eduki berdinik izango, baina adostasun minimoa ba dute behin-tzat, egoera (status) berri baten beharra. Ez da gutxi.
Katalanek aurrea hartu digutela kontu ukaezina da. Egungo iruzkina aztertu aurretik, esan dezadan zerbait ondo egiten ari direla, Madrileko eskuineko prentsak eta ildo bereko politikariak hartu duten malaletxea ikusirik. Raxoik berriro Guardi Zibila kaleratzeko mehatxua egin arte. Gure euskaraz eta paperean argitaratzen den egunkari bakarraren izenburua erabiliz: “Deskonektatzeko 18 hilabete” honi hasiera emateko, beste ia sei hilabeteko harremanak ekarri nahi ditut gogora. Alegia, JPS eta CUP denbora horretan izan duten tirabira eta honen ondorioak. Zehatzago izatearren, ondorio objektiboetatik landa, bi alderdiek, negoziazio horien ondoren, erakutsi nahi izan duten garaile itxura. Batetik, Puigdemont jaunaren alderdiak bazekian keinu txiki batekin lortu zezaketela lortu nahi zuena, Presidentzia. Artur Mas alde batera utzi eta kitto. Horren jakitun, keinu hori ahalik eta garestien saltzera abiatu ziren hasieratik. Bai lortu ere, CUP-en egitura hankaz gora jarriz gainera, bi hautetsi garrantzi-tsu berenganatu, beste biren dimisioa eman eta, lehen boluntarioa zena, talde osoaren ezinbesteko babesa lortu. Arrain handiak txikia jatearena, izaki urtar horietatik landa ere, ematen dela ziurtatuz.