uRTE berrian sartzeko zain egon izan balira bezala, Donostiako Egia auzoko 20 elkarte inguruk konpromiso berri bat hartu dute. Hiru astez euskaraz bakarrik bizitzen ahalegintzekoa. 15.000 pertsona inguru bizi diren auzo honetan, euskaradunen portzentajea handia da. Ez da auzo berria eta, beraz, euskaldun zaharren pisua ere nabaria da. Bertako euskara eta kultur elkarteen lana ere ez da atzokoa. Eta, orain, Tabakaleraren irekierarekin eta autobus geltokia ere datorren astean inauguratuko den honetan, egiatarrek hiriaren edota, gutxienez, albistearen erdigunean paratu dute euren burua.
Hiru asteko kanpainari eta konpromisoari eman diote hasiera eta, gero, norbanakoek egin ahal izango dute gauza bera: hiru astez euskaraz bizitzen saiatu, alegia.
Kanpainaren ondoren aterako dituzte ondorioak: zailtasunekin non topo egiten duten, irabazi daitezkeen eremuak zeintzuk diren, eta batez ere, hizkuntzen arteko bizikidetzarako zein nolako tartea dagoen. Ez da datu txarra izango!
Kanpaina honek bat egiten du Eusko Jaurlaritzak ostiralean San Telmo museoan egingo duen kanpainaren aurkezpenarekin. Hau da, duela gutxi abian jarritako txantxangorriaren kanpainarekin, hizkuntza marka bateratuarena, hain zuzen ere, eta euskararen erabilera bultzatzea xede duena, gizarte eragile askotarikoei aurkeztuko zaiena.
Urte askotan, euskara indartzeko egindako ahaleginak handiak izan dira. Asko izan dira langintza horretan ibili direnak. Nork bere indarren arabera. Bihotzez. Borondatez. Batzuetan, bidea bi aldiz eginez. Beste batzuetan, motxila bide erdian utzi beharraizanez?
Oraingoan, badirudi, ostera, astroak behar ziren bezala gurutzatu direla eta sinergiez baliatzen hasiak garela: erabaki politikoak, urteetan lortutako oinarria, eta gizartearen sentsibilizazio, onarpen eta errespetu maila.
Emaitzen zain geratuko gara, bada, txantxangorria paparrean dugula.