HAMAZAZPI urte zituen. Duela hilabete lortu zuen bere Nortasun Agirian agertzen zen izena aldatzea. Urtetan jasan ditu eskolako kideen burlak transexuala izateagatik. Azkenean, bere buruaz beste egin du presio soziala ezin jasanda. Bere amak esan du ez dela suizidio bat izan, erailketa soziala baizik. Arrazoia du haren amak, gizarteak hil du Alan, ezarritako arau baztertzaileetatik kanpo geratzen diren guztiak hil nahi dituen bezala.

Diferentea denari ezartzen zaion zigorra da. “Bestea” denari inposa-tzen zaion kartzela. Ez da bakarrik transgenero, gay, lesbiana edo bisexualekin gertatzen. Ezarritako arautik kanpo dagoen edo ordena mehatxatzen duen guztiekin gerta-tzen da. Erdi aroko sorginen antzera jazarpena jasotzen dute gizartearen lege zaharrak kolokan jartzen dituztenek. “Bruja” hitza “buru jabe”-tik datorren azaldu beharko dit adituren batek. Izan ere, norbaitek bere buruaren jabe izatea erabakitzen duenean, bere benetako identitatea eta askatasuna aldarrikatzen dituenean, orduan sutara bultzatzen du gizarteak, zigortu egiten du, eta horretarako erabiltzen dituen tresnak oso isilak dira gaur egun.

Diferentea denak eguneroko gauza txikietan eta egoera arruntetan jasaten du presioa, bata bestearen atzetik datozen tanten modura, tak-tak-tak. Eta olatuek harkaitzak molda-tzen dituzten modura, gizartearen presioak ere lortzen du askotan gizakia bere modura moldatzea. Baina ez da beti posible. Buru jabe izatea erabakitzen dutenek, arauaren kontra eta beraien benetako izateko moduaren alde apustu egiten dutenek, horiek batzuetan garaile irtetea lortzen dute hainbat zailtasun, oztopo eta min gainditu eta gero. Baina beste batzuetan ez. Beste batzuetan buru jabe izateko bidea hasten dutenek ez dute lortzen beraien helburua burutzea. Tantaz tanta gizarteak erail egiten ditu horiek. Alan erail duen bezala.