Taktikoa?
EZKER Abertzaletik Podemos-Ahal dugu-ra gertaturiko botu trasbasea azaltzeko likidotasuna erabili da iragandako hauteskundeen azterketetan. Likidotasunak identitatea eta haren behar, lotura, konpromisoen arteko harremana seinalatzen du, alegia, gure identitatea eta gizartearen arteko harreman hori. Metafora indartsua da, eta, bai, gure bizimoduetan azken hogeita bost urtetan gertaturiko aldaketa azaltzeko balio du. Garenak gara baina tarteka, segunka, beharbadaka, batzuka eta aldian-aldika. Kontzeptuaren sortzeilari -Zygmunt Baumani- kontzeptuarekiko arbuioa dario, azken finean, garenarekiko konpromisoa desagertu egin delako gaurko gizartean.
Niri likidotasunaren kontzeptua gustatu egiten zitzaidan lehen, nolabait, nire identitate basko zurrun eta aukera sexualaren bidez eraikitzen ari nin-tzen identitatearen arteko batetik besterakoa errazteko balio zidalako. Orain, kafe hartzera gelditzeko konpromisoari ere muzin egiteko gauza garela ikusita, ez dakit.
Ezker Abertzaleko boto-emaileen ezaugarrietako bat haien aukerarekiko gotortasuna zen, euri egin, eguzki egin, haiek beti ematen zioten botoa Ezker Abertzaleari; baina oraingoan badirudi ezetz. Oraingoan Ahal duguren aukera ikusi eta erruz eman diotela ezker abertzaleko hautatzaileek bozka. Taktikoki, ulertu behar omen da. Ezker Abertzaleko hainbat ahoa bete hortz gelditu dira ez dutelako ulertzen betiko konpromiso hori nola hauts daitekeen, orain arte Ezker Abertzalekoa izatea izateko modu baten modura ulertu dutelako. Niri, aldiz, horren muturreko paratu gabe boto-emaile horiek egin duten aldaketa ongi iruditzen zait, badirudi, azkenean, politika, estrategien kontua ere badela Euskal Herrian. Eta Ahal dugu-k erabakitzeko eskubidearen alde egingo du Katalunian, eta ulertzen dugu EAEn (Euskal Herrian?),
Joseba Gabilondok likidotasun horri Espainiaren nazioaren gotortasuna kontrajarri dio, Ahal dugu-k duen kinka aztertzeko. Onartuko lukete Espainiako botere faktikoek erreferendum bat Katalunian, eta ondorioz, autodeterminatu nahi duten beste toki ba-tzuetan? Zaila dirudi. Are oso zaila. Bitartean, zer egingo zaio, bagaxuritza.