LANERAKO bidean, goizeko lehen orduan, txorien txioa entzun dut. Hirian oraindik ere naturaren arrastoren bat gera-tzen zaigula pentsatu dut pozik, ondoren. Txioa nondik datorren igarri nahian, gorantz begiratu dut, eta hiribide zabalean dagoen semaforo altu baten gainean ikusi dut, han dago, txioarekin egunonak eman dizkidan txoria. Natura eta neure buruaren artean sinbiosi modukoa gertatu behar zen unean, baina, begiak txikitu ditut txoria hobeto ikusteko eta konturatu naiz semaforoaren gainean dagoen hori ez dela txoria, kamera bat baizik. Isunak jartzeko lagungarri den kamera horietakoa. Agur sinbiosia, agur harmonia.

Askotan entzun dut burua galtzen dutenek eta errealitateaz jabetzen ez diren pertsonek dauzkatela aukera gehien zoriontsuak izateko. Munduari begiratzean nahi duten mundua irudikatzen dutenek dutela zoriontasunaren giltza. Argi dago zoroaren jarrera geure egin dugula hein handi batean gizarte honetako gizaki gehienek. Gusta-tzen zaigunari ezikusiarena egin edo ikusi nahi dugunaren forma ematen diogu gehiegi ez sufri-tzeko, lasai bizitzeko. Kamera dagoen tokian txoria ikusteko ahaleginak egiten ditugu egunero.

Itsukeria norberaren etxean zein neurritaraino sartuta dagoen ona-rtzeko benetan ederrak eta argigarriak iruditu zitzaizkidan Idurre Eskisabelek Minbizia (Berria, 2015-10-29) izenburuko artikuluan ida-tzitako hitzak. Gizartearen itsukeria salatzen eta kritikatzen dutenen artean ere itsukeria dagoela sala-tzen zuen Eskisabelek. Erraza da arropa denda kate handi batera korrika kuleroak eurotan erostera joan den emakumea kritikatzea “sistemak alienatuta” bizi dela eta “kapitalismoaren hatzaparretan” jausi dela salatuz. Erraza da bai, bereziki berrogeita hamar eurotako kuleroak erosteko dirua duzunean. Batzuetan kamera dagoen tokian, txoria dago, larri, txioka. Baina ez dauka inor entzuteko prest.