NOR ZARA? Ez zaitut ezagutzen eta” zioen laurogeita hamar urte pasatxo zituen izekok... eta azalpenak ematen nizkion aldioro, behar zuen guztietan... segundogarrenean esaten ari nintzaionaz konturatzen ote zen zalantzak nituela. Begiak zabal-zabalik zituen, aurrealdean zeukanari erreparatu ezinda so, iraganeko zakuan pentsamenduak bilatzen saiatuko balitz bezala... eta elkarri begira geratu ostean, letania errepikakorrean hasierako itaun bera egiten zidan, ondoren, interesa galdu, bere mundutxoaren iluntasunaren barrunbera irristatu eta isilik gelditzen zen arte.

Lehenago ere izan zituen makalaldiak, bai eta iraganeko gertaerak, bizipozak, eta abar berreskuratzen zituen tarteak ere. Halakoak jazotzean, beti zuen presa gauzak kontatzeko, ez baitzekien egoera horrek zenbat iraun zezakeen. Nolanahi ere, denboraren pipiak lekua hartu ahala, argitasun aldiak geroz eta urriagoak ziren... harik eta iraganeko kontuek hizpide izateari utzi zioten arte.

Geroz eta urte gehiago bizi gara eta, iraganean, adinean aurreratuxeagotzat genituenak egun gaztetzat dauzkagu, halako norbait hiltzen denean. Baina, denbora ez da alferrik pasatzen! Garai batean gure artean horren zabaldurik ez zeuden gaixotasunak geroz eta sarriago, zabalduago azaltzen dira eta.

Haurrak garela, ustez nahiko genukeen guztia egin ahal izateko, helduak izatea desiratzen dugu. Lanean gabiltzala, ordea, zenbat bider ez dugu errepikatu erretiroa hartu nahiko genukeela, eskuetatik ihesi doakigun denbora beste zernahi egiten baliatu ahal izateko... eta berriz buelta, bizitzaren azkenera iristen ari zarela ohartzean, eta, inbidiaz, haurren algarak entzuten dituzunean. “Oker zaude. Denbora etorri dator!” erantzun zidan aspaldi, kale kantoian eserita zegoen Tunisiako herritar batek, denbora zein bizkor igarotzen den adierazi nionean.

Eta denbora etorri datorrenez behar dugu datorkigun errealitate horri aurrea hartu, berandu izan baino lehen. Besteak beste, prebentzioan inbertituz -horixe delako gaitzen ondorioak ahalik beranduen azal daitezen egin litekeen inbertsiorik onena-, ikerkuntza sustatuz, azpiegiturak sortuz, bai eta familiei laguntza eskainiz ere. Datorkiguna alfonbrapean gorde, inon ezkutatu, zokoratu eta bizkarra erakutsi gabe! Denok egon gaitezkeelako ala hurbileko norbait eduki dezakegulako antzeko egoeraren batean.

Bizi nahi dugu. Nahiz eta hiltzeak sortzen digun nahigabea arintzeko asmoz edo, gure artean nagusi den erlijioak horren ondorengoaz horrenbeste hitz egin. Baina duintasunez bizi nahi dugu, dezakegun neurrian.