hIL honen amaieran hauteskundeak egingo dira Katalunian. Gauzak horrela, bada ireki daitekeen eszenatoki berriari inbidiaz begiratzen dionik, bai eta aldarte txarra erakusten dionik ere. Hasteko, ez da ona Kataluniako eta Euskadiko prozesuak bateratzen saiatzea, bi-biak desberdinak direlako eta jatorri, testuinguru, errealitate eta egoera desberdinei erantzuten dietelako. Bestetik, zalantzaz -eta arantzaz ere esango nuke nik- beteriko prozesua da Katalunian ireki dena, iraganean bezala, aterabiderik gabe frustrazio berriak sor ditzakeena. Muturreko posizioetan daudenek irabazi dezakete zerbait, bidenabar gizartearen gehiengoa ipar jakinik gabe utziz eta zartatzera ere iritsiz.

Bistan denez, jatorrian Espainiako alderdi nagusien ikuspegia eta itxikeria dago, estatuak mendean duen aniztasuna ez onar-tzera eramaten dituena. Jokabide horrek auzi politikoak elkarrizketaren bidez ez bideratzera eta kontrolpean dituen epaitegien altzora mozorrotzera bideratzen ditu... baina ez dakit frontoiaren hormaren kontra etengabe jarduteak, burua hausteaz harago, abertzaletasuna ahultzeaz bainoago, zerbait gehiago lor litekeen, are gehiago indar korrelazioa den modukoa denean.

Gizarte bakoitzean lortu behar dira aldekotasunak, askotariko herritarren, elkarteen eta erakundeen artean konplizitateak josi, autogobernua ondo kudeatu bestelakoei ekin aurretik. Egunerokotasuna ondo kudeatu gabe, herritarren beharrei egokitasunez eta eragingarritasunez erantzuteko gauza zarela erakutsi gabe, ziurgabetasunak ez baitu ibilbide berrirako aterpe ziurra segurtatzen.

Erabakitzeko eskubidea lortu behar da, eginiko ibilbidearen onurak baliaturik, orain artekoak emanikoari muzin egin gabe. Eta aldiak sortzen dituen aukerak erabili behar dira, urrats berriak egingo badira. Bestela alferrik ari gara.

Txikiak handiari irabazi diezaiokeela zioten gure aurrekoek, gure txikitasunaren mugez jabetzen zirelako. Hargatik gaineratzen zuten irabazteko, asmoz eta jakitez jardutea ezinbestekoa zela. Handiagoak, ustez indartsuagoak direnen ahuleziak behar dira baliatu, autogobernuan sakontzeko, bai eta tresna berriak eskuratzeko ere.

Espainian abagune berria ireki liteke urte honen amaieran egingo diren hauteskundeen ondoren, baldin eta Euskadin bezala, bestelako lurraldeetan ere, abertzaletasunak indar erabakigarria hartu eta egoera baldin-tzatzeko gauza izango balitz. Halakoetan egin behar da pedagogia soziala, abertzaletasunaren alde azaltzen den herritar talde esanguratsu batek ematen duen botoa aldatu eta Espainiako hauteskundeetan Espainiako alderdietara ez lerratzeko.