SUFRITZEN ari direnetik ihesi Mediterraneoaren barrena zihoazen. Siriaren menpeko Kurdistangoak ziren. Nolanahi ere, beste herrialde batekoak ere izan zitezkeen. Aitaren besoetatik irristatu eta itsasoak eraman du, amarekin eta beste anaia batekin batera... eta eraman duenak Turkiako Bodrum hondartzan utzi du, hilotz. Kito! Amaitu da hilabeteak iraun dituen erromesaldia eta ezina. Bidean, ateak itxi dizkiote, zailtasunak ezarri, jazotzen ari denari tapakia jarri... orain datoz damuak, bai eta itxurakeriak ere.
Mediterraneo itsasoa, europar askoren bizitokia eta opor lekua, hilerri bihurtzen ari da eta ez gara ia ezer egiten ari.
Milaka dira urteen joanean bizitza galtzen ari direnak eta ez diegu oinarrizko arazoei heltzen, ez eta konponbidea ematen ere. Izan ere, egungo egoerak arrazoi sakonak ditu. Hasteko, iraganean Europako herrialdeek mundua menpean hartu eta lehengaiak ziurta-tzeko eginiko ahaleginera eta horrek sorraraziriko mendetasunezko egoeretara egin beharko genuke jauzi. Ondoren, lurralde hauetan burujabetzaren aldeko mugimenduek indarra hartu ahala, hainbatetan tokiko errealitateak aitortu gabe, mendetasun egoera horri eusten lagun-tzeko eginiko herrialdeen egitura artifizialari erreparatu beharko genioke, hainbat subjektu nazional lurralde berean egotera kondenatu dituena. Honi gehitu giza eskubideak hankartetik igaroarazi dituzten diktadoreak, sasoi bateko metropoliek jarri, mantendu edota babestu dituztenak.
Txirotasunaren eta gerraren atzealdean, lurralde aberatsenen interes geopolitikoak eta ekonomikoak daude, besteak beste, aberats omen direnak pobreak direlako lehengaietan eta haien ongizateari eta aberastasunari eusteko, halakoetan aberats direnak menpean edukitzea ezinbestekoa dutelako. Egoera horrek gizateriaren gehiena txirotasunera kondenatu eta, lehengaien kontrola ziurtatzeko, gatazkak eragiten ditu nonahi. Ondorioz, sakoneko arrazoiak bideratzeko eta gure ongizatea parteka-tzeko prest ez gauden bitartean, ez dago migrazioaren kontua bideratzerik. Aitzitik, presioa geroz eta handiagoa izango da, besteak beste, ustez atzeratuak omen diren lurraldeetako jaiotze-tasa handia delako eta geroz eta jende gehiago egongo delako arriskuak hartzeko, bestelako etorkizuna ziurtatzearren.
Garapenean laguntzea, bizimodu duina izateko berdinen arteko harreman-bideak eraikitzea, errealitate politiko, kultural eta linguistikoak aitor-tzea eta garatzen laguntzea, gutxi batzuen eskuetan pila-tzen ari den aberastasuna partekatzea dira migrazio mugimenduak apaltzeko eta bideratzeko egon litekeen modu bakarra, elkartasuna, denik eskuzabalena, motz gertatzen baita gertatzen ari den tragediari aurre egingo bazaio.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">