BEHATURIKO adierazle gehienetan Euskadiko Hezkuntza Sistemak, Espainiako bestelako Erkidegoekin konparatuz gero, aurreneko postuetan segitzen du. Datuak Ekonomia Lankide-tza eta Garapenerako Antolakundeko kideekin, bai eta Europar Batasuneko herrialdeekin ere alderaturik ageri dira. Horiek horrela, gauzak ondo eginez gero, hurbileko kudeaketak eta ardura hartzeak emaitza onak ematen dituela frogatu da.

Egoerak zer pentsatua eman beharko luke; alde batetik, hezkuntzan aurrera egin ahal izateko, epe luzera jardutearen eta adostasunaren bidea jorratzearen ezinbestekotasunaz. Lan lasterra alferra bihurtzen baita gehienetan. Ondorioz, Espainiako agintariek, are hobeto funtzionatzen duten ereduetan sakontzeko, haiengandik ikasteko eta lankidetzan aritzeko jarrera erakutsi beharko lukete, kontrola lortzen eta irizpide zaharkituen arabera bateratzen saiatu beharrean; bestetik, guk geuk ere badugu zer hobetua, ikasia, besteak beste, emaitzei, ebaluazioari, curriculumaren eta ikasmaterialen diseinuari, Hezkuntza Administrazioa zaharberritzeari eta hezkuntza-erkidegoaren esku hartzea areagotzeari dagokienez.

Baina emaitzek ez dute hezkuntza hizpide bilakatu azken egunotan soil-soilik. Herrietako jaien inguruabarrean gertaturiko sexu erasoek, aldioro errepikatzen direnak, kezka areagotu eta zerbait egitearen garrantzia utzi dute agerian eta. Gauzak horrela, badira hezkuntzan ahaleginak biderkatzearen garrantzia azpimarratu dutenak... baina hezkuntza, denik eragingarrienak, ezin ditu gure gizartearen gabeziak, miseriak zein bestelakoak besterik gabe, bestelako esku sartzerik gabe bideratu.

Nago familiaren eginkizunak eta ardurak ez ditugula behar beste azpimarratzen, dezakegun guztietan. Adinekoen zaintza, jaioberrien eta heziketa-prozesuan murgildutako belaunaldien heziketaren ardura herri-administrazioen kezka bilakatzen ari dira, bide batez gure eginkizunak eta partaidetza leuntzen ari garenean. Lagun hurkoari geroz eta gehiago exijitzen diogu gure ardurak ezerezean uzten ari gabe bitartean... eta ezin da!

Zein da zabaltzen ari garen gizarte eredua gure arduragabekerien emaitza, gure esku dagoenaren erantzukizuna eskualdatzen ari garenean? Sexu erasoak gertatzen direnean, batez ere adin txikikoen artean, desberdin direnak berdintasunez tratatzen ez ditugunean, arazoa hezkuntza ala familiaren barruan garatzen ari garen, eta, hezkuntzak nekez konpondu ditzakeen, harreman, ideologia, balore eta jokabideetan dute ardatz nagusitzat?