HERRI-ERAKUNDE ba-tzuetan diru-sarrerek harturiko konpromisoak estaltzen ez dituztenean, doiketak non eta zein eratakoak egin izan ohi da nagusitzen den eztabaida. Halakoetan, osasun eta hezkuntza zerbitzuak, gutxien dutenei bideraturiko diru-laguntza egitasmoak eta abar izaten dira gehien aipatzen direnak. Nolanahi ere, aurrekontu bat prestatzeak aurrez lehentasun batzuk ezartzea dakarrenez, badira bestelako gastuak gutxitan ezbaian jartzen direnak.
Gastutzat eta inbertsiotzat zer hartzen den ere desberdina da, erabakiak hartzen dituztenen ikuspegiaren arabera. Nire ustez, herritarren ahaleginekin gizendutako aurrekontua pertsonen ongizatean baliatzen dena inbertsioa da, eta, eragingarritasunik ez duen administrazio batean, defentsa eta gisako kontuetan xahutzea, berriz, gastua. Era berean, aurrekontuetan badira ezaba daitezkeen kontuak, bai eta geroratu beharrekoak ere, esate baterako errentagarritasun sozial frogaturik bidelagun ez duten azpiegiturak.
Baliabideak behar ditugu Ikerketa eta Garapenean inbertitzeko, hamarkadetan galdu den denbora ahalik lasterren berreskuratu eta lehiakortasuna irabazteko. Bitartekoak behar dira azken urteetan pilatu den giza kapitala, aurrekoekin alderatuta prestatuen dagoena, bertan lekutu dadin, gizarteak eskura jarri diona berreskuratzeko modua izan dezan. Heldulekuak behar ditugu aberastasuna sortzen laguntzeko, horren bidez baliabide gehiago izango baititugu, besteak beste, gizarte politiketan are gehiago inbertituz.
Baina gastuez gainera sarrerei buruz ere hitz egin behar da, progresiboa den zerga politika areago-tzeaz, iruzurrari aurre egiteaz, esfortzua orekatzeaz eta eran-tzukizunez jokatzeak daukan garrantziaz. Inguruabar horretan demagogia eta hauteskundeei begira jardutea da, diru-sarrerak gastuak estaltzera iristen ez direnean, aldi baterako zergak jaisteaz eta zorra gehitzeaz hitz egitea. Atzera aurrera lepauztai hori ordaindu behar izango delako eta horrek, gauzak aldatu ezean, sakrifizio berriak eska ditzakeelako etorkizunean.
Ekonomiaren hazkundea baliatu behar da, besteak beste, desorekak partez bideratzeko eta, estuasunak berriz sortzen direnean, oinarrizko politikak mantentzeko tartea irabazteko. Izan ere, bistakoa da, munduan nagusitu den sistema ekonomikoaren ondorioz, munduko ekonomiak goraldi laburrak eta makalaldi luzeak izango dituena. Beraz, kontua ez da zerga gutxiago ordaintzea, herritarrek herri-agintarien esku jarririko ondasunak eta bitartekoak ondo baliatzen direla eta horretan sakontzea merezi duela erakustea baizik.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">