HAUTESKUNDEETAN gauza asko agintzen dira, bereziki aginterik hartzeko aukerarik ez duzula aurreikusten baduzu. Jendearen ezintasunekin, beharrekin, sentimenduekin eta itxaropenekin jolastuz, agintea lortzea izaten da batzuen estrategiaren ardatz nagusia. Aginte-makila hartzean, ordea, emandako hitza betetzeko orduan, sortzen dira egiazko arazoak. Horixe bera gertatu zaio Greziako lehen ministroari. Zorrak zamatuta zaudenean, gainerako lurraldeek emandako dirua eguneroko ordainketei egiteko behar duzunean, zure ekonomia-ehuna den modukoa denean, gizartearen zati bat -normalean gehien duenak- iruzurra egitera edo zergak ez ordaintzera ohituta dagoenean, ustelkeria sustraituta dagoenean... ezin duzu agindu betetzerik ez duzuna.

Egia da errua ez dela Greziako gobernuburuarena. Ez behintzat bere osotasunean. Lehen erantzuleak Grezia txanpon bakarrean egotea onartu zutenak dira, jakin bai-tzekiten ez zituela baldintzak betetzen. Barruan egon zedin, handikien interesak eta lehentasunak tarteko, nahiago izan zuten beste aldera begiratu. Era berean, Greziaren zorra pilatuz joan da urtez urte, harik eta ordaindu ezina bilakatu den arte. Ondorioz, egoerak okerrera egin du, aberatsak are aberatsago eginez, eta, biztanleriaren gehiengoaren bizi-baldintzak eskastuz.

Norbaitek pentsatuko zuen Europako lurraldeek, bereziki aberatsenek, Greziari mugarik gabe dirua helaraziko ziotela, haien lurraldeetan murrizketa politika gogorrak ezartzen ari direnean. Baina zorra gorantz, hartzekodunei maileguak bueltatzeko diru-laguntzen premia etenik gabekoa eta abar egoera sostengatu ezina bilakatu dute, eta, Grezia jausten, bere zuloaren barrenean amiltzen laga dute. Horri gehitu Alexis Tsipras lehen ministroak ordezkatzen duen mugimendu politikoa Europako alderdi eta agintari gehienek ez dutela begi onez ikusten. Ondorioz, bistakoa zen gauzak ez zizkiotela erraztuko.

Greziarrek bazuten gertatuko zenaren susmo sendoa, zerbait zutenak, azken hileetan, zezaketen dirua ateratzen aritu baitira Greziako bankuetatik. Ez dutenak, aldiz, hilabete bakoitzaren amaieran jasotzen dutenarekin konformatu beharko dira... eta azken hauek dira ondorioak jasan beharko dituztenak ere.

Deituriko erreferendumean Europako agintariek eginiko proposamena onartuz gero, gizarte zerbitzuetan eta jasotzen dituzten prestazioetan murrizketa gogorrak onartu beharko dituzte, bidenabar Greziako gobernua dimisioa eman dezan bultzatuz. Aitzitik, galdeketan ezezkoak irabazten badu, diru-baliabideak lortzeko, murrizketa are gogorragoak onartu beharko dituzte... eta ikuskizun dago maldan behera abiarazitako pilotak nor hartuko duen azpian.