Síguenos en redes sociales:

Yoga

ESTRESATUTA dagoela esanez heldu da yoga irakaslea ikastarora. Zazpietan klase bat ematen amaitu du hiriaren erdialdean eta ordu laurden beranduago hasten den gurera garaiz heltzeko kotxea hartu behar izan du eta ezin aparkatuta ibili da. Arnasestuka heldu da. Hamen dago edarra! esango luke lekitxar batek honako egoera baten aurrean, yoga irakaslea estresatuta ikustea itxaropen guztia galtzeko moduko sintoma baita. Ez ala? Gero barre egin du eta denok pentsatu dugu txantxetan dabilela. Eskerrak.

Azken urte hauetan yoga eta mindfullness ikastaroen eskaera asko igo dela esan digu eta gero eta argiago duela gure gizartearen abiadura, malaletxea, estresa, ansiedadea eta abar luze bat kontuan hartuta, eskaera igoz joango dela datozen urtetan ere. Bere negozioarentzako ona dena, baina, pozoia da gizartearentzat. Azaldu digunez, nerabeekin lanean hasi da, neska eta mutil gaztetxoekin, eta ikaratuta dago. Ansiedadeak jota daudela dio, euren mugikorretatik ezin urrunduta. Komunera ere mugikorra eskuan doazen neska eta mutil horiek kontzentratzeko arazo asko dituztela esan digu, dauden lekuan egoteko, eta ezinegona sortarazten diela honek, eta ezinegonak, beste ondorio askoren artean haserrekor bihurtzen dituela, zakar eta bortitz kasu askotan. Benetako erronka dela eurekin lan egitea.

Yogan lehen mailako aditua den norbaiten lasaitasuna kolokan jartzeko gai baldin bada, zer ez du egingo bada munduko azelerazio honek beste guztiokin. Arazoa egiturazkoa da eta gauza asko aldatu beharko lirateke mundua bizitzeko leku egokiagoa bihurtzeko, baina bitartean interesgarria litzateke eskoletan eta institutuetan eguna hasteko 5-10 minututako meditazio saio bat eskaintzea. Ekaitz bat baino gehiago baretzeko balioko luke. Eta lantokietan ere eguna horrela hasteak giroa asko lasaituko luke. Hori bai, behar dugun guztiok praktikatzen hasiko bagina, yoga irakasle guztiak benetan estresatuta ibiliko lirateke.