Argi-metxak
ATUNAREN kosterara abiatu aurretik, Bermeoko itsason-tziek bi itzuli egiten dituzte ababor eta istribor Gaztelugatxe aurrean. Beren sirenak joz, zortea (edo dena delako patua) aldekoa izatea erregutu diote aurten ere Tenplarioek sortu ei zuten Doniene baselizako nagusiari. Urteak joan eta urteak etorri, itsasontziek errito berbera errepikatzen dute. Zergatiaz galdetu dudanean, “kalterik ez du egiten” erantzun dit atunaren bila irtetekotan zegoen arrantzaleetako batek. Puntako teknologiaz hornituriko sistemek gidatzen dute kostera gaur egun; argi mordoa dago aginte-panelean eta arrantza ugariko guneak erakusten dituzten mapei jarraitzen diete, traza estatistikoak lagunduta. Garai bateko artea ia zientzia bihurtzeraino eraman du aurrerabideak eta hala ere, Gaztelugatxe ikusgarriaren ondotik pasa-tzean, usadioari jarraitzen diote, eta bere aurrekoek erakutsi zieten moduan, itzuli bi egiten dituzte.
Arrazoi berberarengatik, kalterik egiten ez dutelako, aurrekoek egin moduan agurtuko dugu gaur Udako Solstizioa. Ilundu orduko, sua piztuko dugu eta haren epeltasunean elkartuko gara elkarri eguzki-bira berria emankorra izan dadin opaz. Joan den urteaz geroztik etxeko atarian ditugun erramuak botako ditugu sutara, eta berria eramango dugu bueltan, garrak erabat amatatu aurretik haien gainean salto egin eta gero. Federik gabe, baina konbentzimendu osoz.
Ez da logikoa, ez da garai txinpartatsu hauekin erraz ezkontzen, baina ohitura zaharrei eutsi egiten dien herria da geurea. Aurrekoek utzitako zoruaren gainean eraikitzen ditu hurrengoak berea, eta hura eraitsitakoan, oinarri berbera baliatzen du ondoren datorrenak. Etorkizuna ez da plater garbi eta erabili gabeetan zerbitzatuko otordua, iraganeko geruzekin osaturiko lasagna modukoa baizik, zaharra eta berria nahastu egiten dituena.
Atsegin dut zaporeen konbinazioa, garai batekoa den guzti-guztia baliogabe uzteko joera nagusitzen ari zaigularik, argi-metxa bezalakoak baitira gaurkoa bezalako egunak: ilunpetik ateratzen gaituzte, bidean lagungarri.