Síguenos en redes sociales:

Bozkatzeko arrazoiak

atzo bozketa eguna. Gaur, emaitzak irakurtzekoa; ahal eta behar diren aliantza-estrategiak abian jarri aurretik, emaitzen nondik norakoa ezagutzea eta ulertzea komeni baita. Eta, irakurketa honen barruan, bada kolektibo bat, benetan interesgarria dena: lehen aldiz bozkatzen dutenena.

Beti interesatu izan zait lehen aldiz bozkatzen duenaren zergatia aztertzea. Eta, larunbatean, hausnarketa egunean, lehen aldiz bozkatzen zuten gazte batzuekin egoteko parada izan genuen. Donostiarrak ziren gazteak. Ez ziren politikan oso arituak ikusten. Ez zitzaien sobera interesatzen, antza. Egia da, baita ere, ikasturte bukaerarekin batera “etorri” zaiela kanpaina eta selektibitatea presta-tzen areago izan dutela burua, bestetarako baino. Baina “baina” guzti hauek estakuruak baino ez dira.

Batek argi zuen nori ez zion bozkatuko: “argazkietan guri burlaka ari dela dirudien horri ez” aipatzen zuen: “nora doa aurpegi horrekin?”. Beste bati, Donostiako 2016rako atondutako bulegoan erabilitako material merkea ez zitzaion egokia iruditzen: “umiliagarria iruditzen zait kanpoko jendeari lokal hori erakustea”. Eta hirugarren bati, iazko Aste Nagusiko musika etorri zitzaion burura: “den-dena euskalduna izan zen. Ez dakit hori ondo dagoen”. Azken batek, zerrenda batean ez zuela inor ezagu-tzen “berriak direlako edo” eta susmagarri egiten zitzaizkiola aipatu zuen.

Harritu gintuzten erantzunok. Argi zegoen detailerik txikienek ere hiritarraren iritzia alde batetik bestera eraman dezaketela. Baina argi zegoen baita ere, gazteon ezagutza politikoa hutsaren parekoa zela. Euron kabuz ez zirela programak ezagutzen saiatu, ez zirela gai alderdi ezberdinen proposamenez hitz egiteko, eta haien bozka, sentsazioen edota kalean/etxean/lagun artean jasotako inpresioen ondorio izango zela.

Argi dago, detaileak baino zerbait gehiago utzi dugula landu gabe aurreko lau urtekoan.