beHIN baino gehiago aipatu dut hemen Baketze eta Adiskidetze bidean ez dela nahikoa egiten ari, politika bideen itxierarengatik alde batetik; krisi ekonomikoak baketzearen antzeztea galarazi duelako, beste aldetik.
ETB izan zen lehena antzezte kontu horretan, Glencree dokumentala, edo El Perdon edo Reconciliación bezalakoekin. Aurrekoan Salvados programan Iñaki Rekarte ikusi genuen zergatik hil zuen azalduz. Banan-banan joan zen aletzen Rekarte zergatik sartu zen ETAn, zer egin zuen kartzelan, bere bizitza horrelako kausa bati eskaintzearen hutsaltasuna, nola atera zen. Bat egon daiteke ados Rekarterekin, edo ez ados, edo partziala iritzi, edo alderdi batzuk aipatu gabe utzi zituela adierazi, edo etarren asmo altruista aipatu gabe utzi zuela azpimarratu, edo bizitza alferrik galdu duela dionean bat ez etorri -bizitza berea da, eta berak bezala jokoan jarritako norbaitek baino ezin du epaitu- baina inork ezin du ukatu: isiltasunetan, saminean, hitzen atontzean Rekarteren egia ageri zen.
Horregatik egiten zaizkit horren harrigarriak nahiz ados ez egon, testigantza errotik arbuiatzen dutenak, bereziki, Ezker Abertzalekoak. Ez dago Rekarteren testigantzan ezer baliagarririk gertatu zenari buruz? Ez dago zalantza bakarra ere Trantsizio guztian borroka armatuaren bidea bide okerra izan zitekeelakoari buruz? Ez abertzaletasunaren zati horrek beste bide batzuk aukeratu -nazioaren eraikuntza kulturaren bidez, demagun- izan balitu izan zitekeenaz? Ez gure izenean hil izanak noraino egin gaitu gu hiltzaile gogoetaren inguruan erreflexio bakarra ere? Batzuetan irudi-tzen zait Baketzea eta Adiskidetzea berriketak direla, hemen inork ez duela autokritikarik egin nahi, besterik gabe segitu nahi dutela bidearen porrotaz hausnartu gabe. Euskal Gatazka deitu den horren baitan gertaturiko atentatu, tortura, hilketa eta abarren asteroko programa bat irudikatu dut nire inuxentean, eta gero taberna, lan eta inguruko eztabaida, halako dolu kolektibo bat, Rekarterena bezalako egiekin baina entzunak entzuna, gero eta ezinago iruditzen zait. Segi dezagun gurean, gurea izate hutsagatik zuzen eta on baita.