TXIKITAN ohe berean elkarrekin jarri gintuzten etxeko umeak, gutako batek elgorria izan zezakeela zabaldu zenean, hartara batera pasatuko genuen denok. Hauts zuritan bildu gintuzten, eta hatz puntak esparatrapuz estali zizkiguten, markarik ez uzteko. Guk momietara jolasteko aprobetxatu genituen egun horiek, eskolara joan beharrik gabe, jolasteko.

Beharbada horregatik, ahizpa guztiak elkarrekin lo egitea festa handia izan zelako egun horietan, elgorria gaixotasun sinpatikoa iruditu izan zait beti.

Aste honetan, alta, Science aldizkarian irakurri dut gaitzaren beste alderdi bat, nire txikitako oroitzapenekin talka egiten duen beste bisio bat.

Egunkarietako azaletatik desagertu bada ere, Ebolaren ondorioak nabarmenak dira Afrikako eskualde askotan. Jadanik ez dira buzo zuridunak aldioro agertzen, baina han jarraitzen dute gutxi batzuek, eta han jarraitzen dute begi ikaratuekin begiratzen gintuzten gorputz mehar guztiak. Bada, Ebolaren ondorioz, niretzat olgetarako aitzakia izan zen elgorria izango omen da hurrengo pandemia. Aurreko krisiak erabat urritu ditu osasun-zerbitzuak, lehendik ere urriak zirenak. Gainera, Ebolaren kontrara zuzendu direnez baliabide guztiak, bestelako gaitzen kontrako prebentzio eta txertatze-kanpainak eten egin dira eskualde horietan. Paturik makurrenak jo du berriro.

Kopetaren ezker aldean orban txiki bat utzi zidan niri gaitzak; esparatrapua kenduko nuen, bada, ama deskuidatu zen baten. Ez da ia-ia ikusten, neuk bakarrik dakit bertan dagoela, gaixorik baina zoriontsu igaro nituen egun horien lekuko mutua.

Zerbait arraroa sentitu dut albistea irakurri dudanean, baina ez dut hitz egokia aurkitu hura deskribatzeko. Kontzientzia hitza izan daiteke, kon-tzientzia hartu baitut bat-batean munduan leku baten edo bestean jaiotzeak egiten duen aldeaz. Etxeko gaztetxoei une eta toki egokian harrapatu gintuen elgorriak, mende eta hemisferio txukun samarretan. Bai, kontzientzia izan daiteke, edo zehatzago esanda, kontzientzia txarra.