FRANTZIA ez dago prestatuta aurreko astean gertatutakoari aurre egiteko (nor legoke, bestalde?). Askatasunen (hizki larriz) herriari, hain zuzen ere, indarkeriaz mehatxu egitea ez da zabaltzen duen diskurtsoari dagokion erantzuna.
68ko maiatzeko espirituari erantzuten zion Charliek. Orduan aldarrikatutako askatasunen eta eskubideen erakusle zen. Munduan egoteko modu berri bat. Baina hementxe dator galdera. Munduan egoteko modu berri hori, gehiengo batena edo gehiengo batentzako izanik, ea gutxiengoek nola bizi duten. Beste era batera esanda: batzuen adierazpen askatasunak edo adierazteko moduak besteak zenbateraino errespetatzen (edota mintzen) dituen.
Ez dut inola ere terroristen bidea ontzat ematen. Are gutxiago, erlijio baten izenean edo defentsan hiltzen den argudioa onartzen; erlijioak ez baitu halakorik agintzen. Baizik eta gizakia erlijioari gailentzen, azken honen izena erabiliz, bere eromenari bidea egiten uzteko.
Adierazpen askatasuna, askatasunak oro har, erlijioa, kulturak, Frantzia bezalako herri batek eraiki duen bizikidetza politika, herri baten handitasuna, fanatismoaren oinarria, alderdi askotarikoen interesak, asko dira (gehiegi, beharbada) mahai gaineratzen diren auziak eta galderak. Atzoko manifestaldian, ordea, argi geratu zen Frantziaren eta errepublikaren zutabeak zeintzuk diren. Ez dago frantses bat ere diskurtso horrekin bat ez datorrenik (agerian, bederen). Barneratuta dago. Horrek egiten du Frantzia indartsu. Eta Frantziak Europa.
Izango dira gertakariak ezker eskuan jarri eta eskuinarekin erruak banatzen hasteko tentazioa izango dutenik. Izango den bezala, nork bere posizio ahulduak indartzeko profitatuko duenik.
Honen guztiaren gainetik, argazki bat: erlijio eta kultura ezberdinetako jendea, atzo, Frantziak aldarrikatzen duen anaitasunaren erakusle, eskutik elkarrekin.