IPAR Koreak internet gabe ordu batzuk eman dituela irakurri dut baina arazoa ez dela oso larria izan Ipar Koreako sareak eta loturak ez baidaude oso hedaturik eta, beraz, pairatu duten eragina txikia izan dela. Menbebaldean, aldiz, ordu batzuk internet gabe igarotzeak apokalipsiaren atarian jarriko gintuzke. Badirudi Estatu Batuetako esku luzeek zerikusia izan dutela ziberreraso horretan: Sony, film ospetsu ikusi gabe, Ipar Koreako mehatxu eta absurdo horien guztien ondorio. Ni afera horretan edozer sinesteko prest nago: Ipar Koreak dioena eta kontrakoa, Estatu Batuek diotena eta kontrakoa, guztiari ematen diot sinegarritasun maila berbera.
Gure munduan, Mendebaldean diot, Bestea, benetako Bestea, Ipar Korea da. Egia da Errusia, Txina edo Estatu Islamikoa izan daitezkeela Bestea une batzuetan baina Ipar Koreak guztiak gainditzen ditu. Ipar Korea izutu egiten gaitu, baina erakarri aldi berean; barregarri utzi nahi dugu, baina serio hartzeko zioak daudela badakigu; bertako goseak gure etxekoen gosea estaltzen du; bertako presidentearen itxura barregarria gure agintarien itxura patetikoari komenigarri zaio. Ipar Korea ez balego Ipar Korea asmatu beharko genuke.
Orain dela gutxi ezagun batek udan Ipar Koreara joan zela kontatu dit: ez dela hain konplikatua visa lortu eta bertara joatea, garesti samarra dela baina ez hainbeste, gidari batekin egin behar dela bidaia dena kontrolatuta eta abiatu baino lehen paper bat sinatu behar dela hainbat muga onartuz (sakelakorik ez, zerbait argazkiei buruz eta abar). Bidaiak merezi izan duela dio, gizarte eta herrialde benetan bitxia omen da Ipar Korea. Berehala deitu diot beste lagun bati, bere ametsetako bat (bere morboetako bat) Ipar Koreara bidaiatzea izan baita beti, baina ez dut oso ilusionaturik sumatu: debekatuta, urrun eta misteriotsua zena bat-batean eskuragarri ikusi du eta gogoak epeldu zaizkio. Aukera aprobetxatu behar duela gogorarazi diot orain dela gutxi, auskalo nora eraman ahal gaituen zibergerra bat. Horretaz ez dugu eskarmenturik, oraingoz.