Síguenos en redes sociales:

Txioak erdaraz

EUSKO Legebiltzarreko parlamentariek gaztelania erabiltzen omen dute, nagusiki, Twitterren. Hauxe, CodeSyntax enpresak lortu eta zabaldutako datuek diotena.

Batzuek, idealistagoak direnek, eskuak daramatzate burura. Besteek, errealistagoak izaki, lurrera begirada. Edozein alorretako ezein lagin hartuta ere, argi baitago, gizartearen isla dela nonahi aurkitzen duguna. Parlamentarien txioen % 65 inguru, gaztelaniaz eginak; % 30aren bueltan, euskarazkoak. % 50era iristeko urruti, eta gaztelaniazkoarekin konparatuz, erdira ere ailegatzen ez. Orain arazoa ez da dakitenen eta ez dakitenen arteko harremanetarako erabiltzen den hizkuntza nola aukeratzen den ikustea, dakitenen artean aukeratzen ez denaren nondik norakoa ezagutzea baizik. Zergatia. Erabileraren aldeko edo ez aldeko hautuan parte hartzen duten aldagaiak errekonozitzea.

Eta hausnarketa eta azterketa berriak burutuko ditugu; euskararen inguruan gizartean eratu diren diskurtsoak ere bateratuko ditugu, eta komunikatuko, eta elkar bizikidetzaren ideia indartuko? Eman beharreko pausoak guztiak ere? Eta, azkenean, duela urte batzuk politikari batek esan zuen bezala, nahiz eta erotzat jo genuen, debekatu egin beharko da berriro ere euskara kaleetan, eskolan eta etxean erabiltzea, benetan maitatzen ikasiko badugu, erabiltzeko adinako iraultza eragingo badugu.

Atzo Santo Tomas Donostian, gaur Bilbon ospatzen. Eman dezagun buelta bat kalean barrena, parte zaharretik, adibidez. Eta konta ditzagun, baserritarrez jantzitako pertsonak, chaqueta vasca kopurua, abarkak jantzita hemengo sentitzen direnak, txistorra dastatuko dutenak?. Kontu eman gaitezen, errotutako jaitzat daukagun egun honetan, errotikoa den hizkuntzaren erabilera zenbatekoa den. Ezetz legebiltzarkideen txioetan jasotako %30a lortu?

Txioen oihartzuna, beraz, bada beste non neurtu!