GAUZAK normalduz doaz Athleticen. Egia esateko, ez zen oso normala aurreko denboraldian laugarren amaitu eban taldea sailkapeneko zuloan ikustea ikasturte berriaren hasieran. Ernesto Valverderen taldeak bost jardunaldi daroaz galdu barik Liga txapelketan. Urriaren 5ean galdu eben azken partidua zuri-gorriek, Real Madriden aurka Santiago Bernabeun. Hortik aurrera, Athleticek hobekuntza nabarmena eduki dau, datuek eta estadistikek garbi erakusten daben lez. Zuri-gorriek hamaika puntu eskuratu dituzte azken bost jardunaldietan eta gol bi bakarrik jaso. Sevilla eta Valentzia, sailkapeneko goikaldeko talde bi, ez dira gauza izan Iraizozen atea zulatzeko. Jakina, Ernesto Valverderen taldeak gauza asko dauka hobe-tzeko oindino, erasoko jokoan batez be, baina orain behintzat, ligako hamabi jardunaldi jokatuta, sailkapenera begiratzeak ez dau egoneza eragiten.

Ernesto Valverdek garrantzi handia emon eutson Espanyolen aurkako partiduari, hiru puntuak eskuratzeak sailkapenean gorantz begiratzen hasteko aukera emongo ebalako. Gauzak ezin hobeto atera ziren perikitoen aurkako norgehiagokan. Hasteko, garaipena etxean geratu zen eta denboraldi hasieran arerio izandako antsiedadea desagertu egin da Athleticen inguruan. Horregaz batera, taldeak eutsi egin deutso Celtaren aurka hasitako bideari. Valverderen gizonak sendo, oso sendo ibili ziren defenditzeko orduan eta Sergio Garcia eta enparauek ez eben ia arriskurik sortu Iraizozen ate aurrean. Gaur egun ez da erraza golak sartzea Athletici eta sendotasun hori da errekuperazioaren zutabe nagusia. Alde positiboekaz jarraituta, Ander Iturraspe, taldeko lemazaina, bere maila onena berreskuratzen doa apurka apurka eta esan beharrik ez dago Abadiñokoa ondo dagoanean taldeak nabarmen igarten dauela. Ganera, areaz kanpotik jaurtiten be badakiela erakutsi eban hirugarren golean.

Zer esango dogu Adurizen ganean. Aurrelari donostiarrak barriro erakutsi eban ordezkaezina dela aurrekaldean. Berak hautsi eban partidua, lehenengo gola sartuta eta bigarrena emonda. Valverdek ondo jagon beharko dau. Partidu asko jokatuko ditu taldeak eta ezin izango dau guztietan erabili. Ezin da ukatu taldeak ezinbestekoa dauela Aduriz erasoko jokoan. Espanyolen aurkako partiduak beste albiste on bat itzi euskun: Borja Vigueraren lehen gola. Ernesto Valverdek hasieratik jokatzeko aukerea emon eutson Beñat eta Unai Lopez ordezkoak aulkian itxita. Errioxarrak ederto aprobetxatu eban aukera eta lan asko egiteaz gainera goleatzaile sena erakutsi eban bigarren golean. Gol horrek konfiantza handia emongo deutso Viguerari eta taldeak eskertu egingo dau. Susaeta eta Muniain ahalegintsu ibili ziren Espanyolen aurka baina euren jokoa ez zan eraginkorra izan. Kosta egiten jake sasoi onena lortzea eta taldeak faltan botaten dauz. Beste alde batetik, Ernesto Valverdek argi eta garbi itzi dau Kike Solak ez daukala zereginik denboraldi honetan. Entrena-tzaileak deialditik kanpo itxi eban aurrelari nafarra, Guillermo lesionatuta egonda be eta gauza bera egin dau Txapeldunen Ligako partidurako. Liga txapelketan aurrera begiratu ezkero, irabazteko moduko partidu bi jokatuko ditu Athleticek, Getafen eta San Mamesen Cordobaren aurka. Dana dala ez da ahaztu behar zuri-gorriek puntu gehiago lortu dabela Sevilla eta Valentziaren aurka, Granada edo Rayo Vallecanoren aurka baino. Azken partiduetan erakutsitako sendotasunari eta seriotasunari eustea ezinbestekoa izango da goranzko bideari eusteko.

Txapeldunen Ligako partidua jokatuko dau Athleticek gaur Ukrainian. Hurrengo faserako sailkatzeko aukerarik izan ez arren, zuri-gorriek arantza bat daukee lehiaketa honegaz eta atara egin gura dabe ligatxuko azken partidu bietan. Ligatxuko lehen itzulian baino hobeto dago Athletic orain eta erakutsi egin behar dau zelaian. Gainera, Europa Leaguerako txartela dago jokoan. Ez da gitxi. Ikusteko dago zelan kudeatzen dauen plantila Ernesto Valverdek. Hasteko, deigarria izan da Ibai Gomez deialditik kanpo iztea gaurko partidurako. Santutxukoak ez eban minutu bat be jokatu Espanyolen aurka eta dagoeneko ez da taldeko hamabigarren jokalaria. Zortzi partidu dagoz aurretik hurrengo lau asteetan. Kopa txapelketa be atea joka dogu. Baikortasuna itzuli da taldera eta Athletic aurkari gatxa izango da partidu guztietan.