Zortzi egun baino ez dira pasa Athleticek Liga txapelketako azken partidua jokatu ebanetik baina emoten dau askoz denbora gehiago igaro dela zuri-gorriek Mestallan jokatu ebenetik. Kontua da Ernesto Valverdek zuzentzen dauen taldearen egoera nahikotxu aldatu dela aurreko etenaldikoagaz alderatuta. Zuri-gorriek ondo baliatu eben orain dela hilebete inguru egon zen etenaldia. Hurrengo lau partiduetan ez dabe porrotik jaso eta zortzi puntu eskuratu dituzte. Itxaron daigun egunotan izandako atsedenaldiak be eragin berbera izatea, eta Celta, Almeria, Sevilla eta Valentziaren aurka hasitako bideari eustea. Gauza asko jazo dira Athleticen Txapeldunen Ligako kanporaketa jokatu eta gainditu ebanetik. Napoli kanporatu eta gailurra zapaldu ostean, gainbehera kezkagarria euki eban taldeak. Borisoven ondoa jo eta gero, apurka apurka taldea burua altzaten hasi zen Sevilla eta Valentziaren aurka nahiko itxura ona emon arte. Amiltegitik urrunduta, etorkizun erakargarria dauka aurretik Athleticek. Hasteko, Valverdek plantilako gizon guztiak ditu prest Guillermo kenduta. Gainera, liga hasiereagaz alderatuta, “fitxaketa” ona egin dau taldeak Xabi Etxeita hamaikakoan sartuta. Horregaz batera, itxaron daigun Kike Sola eta Jon Aurtenetxe be Valverderen errotazioan sartzea. Guztiak beharko dira hurrengo hilebetean jokatuko dabezan bederatzi partiduei aurre egiteko.

Liga txapelketari jagokonez, sailkapena erdibituta geratu da hamaika jardunaldi jokatu ostean. Athletic beheko moltsoaren erdialdean dago. Hiru puntura ditu sailkapeneko zortzigarrena zein azken aurrekoa. Hogetazazpi partidu dagoz jokatzeko. Denbora asko lehen jardunaldietan okertutakoa zuzentzeko. Espanyol, Getafe eta Cordoba hurrengo hiru jardunaldietan. Inork ez dau aitzakiarik onartuko. Beste alde batetik, kopa txapelketari ekingo deutsoe zuri-gorriek hamabost egun barru bigarren mailako talde baten aurka. Urrunago begiratu barik, zuri-gorriek aukera polita daukee zaleak ilusinoz beteteko.

Etorkizun erakargarriagaz jarraituta, ez dogu ahaztu behar Athleticek Txapeldunen Ligan jarraitzen dauela eta partidu bi jokatu behar dituela, hurrengo faserako txartela eskuratzeko aukera barik geratu arren. Mikel San Josek Portoren aurka San Mamesen galdu ostean esan eban lez, Athleticen izena garbitzeko aukera eskaintzen dabe Shaktar eta Bate Borisoven aurkako partiduek. Batek daki zenbat urte itxaron beharko dogun Txapeldunen Ligako ereserkia San Mamesen barriro entzun arte. Gainera, Europa Leaguerako txartela dago jokoan partidu bi horreetan. Urtero esaten dogu Athletic Europarako sailkatzeko lehian egon behar dela eta orain eritzi batzuk entzunda pentsa leike Athleticen-tzat kaltegarri izango dela Txapeldunen Ligako moltsoan hirugarren amaitu eta Europa League jokatzea. Orain arte Europa mailan txarto egindakoa konpontzeko aukera ederra daukee zuri-gorriek.

Athleticek zabalik ditu ate guztiak baina ezinbestekoa izango da jokalari guztiek aurrerapausu bat emotea eta batzuk beste batzuk baino handiagoa, bakoitzak emon leikeenaren araberakoa. Iker Muniainek ezin dau orain arte lez jarraitu. San Mamesek dena parkatu arren, nafarraren errendimendua makala baino makalagoa izan da denporaldi hasiera honetan. Onartuezina da taldeko izar nagusiaren ekarpena hain eskasa izatea eta Muniani exijitu egin behar jako. Athleticek ahalegin handia egin behar izan dau jokalariagaz kontratu barria hitzartzeko eta orain arte behintzat ez dau ordainik jaso. Bigarren lerroko jokalariek be, aurrerapausua emon behar dabe. Susaeta, Rico, Ibai edo Beñaten ekarpena orain arte baino hobea izan behar da, erasora begira batez be. Golak sartzeko ardura guztia Adurizi itzita ez goaz inora. Azkenik, taldeko gazteek aprobetxau egin behar dabe Ernesto Valverdek emon deutsen aukera. Euren eskuetan dago. Lehen mailan, egoteagaz ez da nahikoa.