Mezu apokaliptiko asko entzuten hasi naz Athleticen inguruan Eibarren aurkako partiduaren ostean. Etorkizuna oso baltz ikusten dabe batzuk eta euren eretxia entzunda pentsa lei taldea hondoa jota dagoala, burua altza ezinik eta amildegira jaustear. Egia da, bai, Ernesto Valverderen taldeak hasiera makala emon deutsala Liga txapelketeari. Egia da, baita, talde zuri-gorriak arazo itzelak dituela arriskua sortzeko aurkariaren ate aurrean eta hiru partidu daroazala erreskadan golik sartu barik San Mamesen. Edozelan be, aurreko astean esandakoaren haritik, barriro dinot gauzak ez dirala bere onetik atara behar. Athletic, sailkapeneko behealdean dago, bai, baina sailkapeneko zazpigarren postuan dagoan taldeak lau puntu gehiago baino ez daukaz. Beraz, zuri-gorriek lau puntura daukiez Europan jokatzeko postuak. Beraz, egoerea ez da hain larria. Gauzak erlatibizau egin behar dira. Plantila honek eta entrenatzaile honek erakutsi deuskue zer egiteko gauza diran eta errespetua merezi dabe. Kreditoa ondo irabazita daukie.

Athleticek sailkapenean dituen lau puntuek garbi erakusten dabe taldea ez dabilela ondo jokatzen. Aurreko denporaldiaren hasieran be, Valverderen mutilek ez eben joko ona erakutsi, baina orduan emaitzek lagundu egin eben. Aurton dinamika negatibo baten sartuta dago taldea. Ezerk be ez dau ondo urteten. Erdiraketa batek bez. Ernesto Valverdek Eibarren aurkako partiduaren ostean esan eban lez, aurkariek badakie zelan jokatzen dauen Athleticek. Zuri-gorrien jokoak ez dauka sakontasunik. Ez dabe minik egiten hegaletik ezta barrutik bere ez. Eibar lako ondo antolatutako talde batek ez eban arazo handirik izan bere atea hutsean mantentzeko. Athleticeko jokalarien ahalegina eta gogoa ez zan nahikoa izan armaginen egitura defentsiboa hausteko. Horregaz batera, Valverdek egindako aldaketek ez dabe taldearen jokoa birbizten.

Aurreko denporaldian gertatu jakon lez, Ernesto Valverdek ez dau aurkitu taldea martxan ipinteko modu egokia. Ez ahaztu, Iturraspe deialditik kanpo itxi ebala entrenatzaileak aurreko denporaldi hasierako partidu baten. Entrenatzaileak, baina, konfiantza dauka bere gizonetan eta ez dau mezu dramatikorik zabaldu gura. “Egun batetik bestera dana aldatu daiteke” esan eban Valverdek Eibarren aurka jokatu ostean. Itxaropen horreri eutsi behar deutsagu. Futbolean boladak egoten dira eta itxaron daigun Athleticek lehenbailehen hartzea olatu ona.

Arnasa hartzeko asti barik jokatuko dabe zuri-gorriek Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldiko partidua gaur Bielorrusian. Valverdek gogoratu dauen lez, Athletic bizirik dago Europan eta garaipenaren bila urtengo dau Bate Borisoven zelaian. Une aproposa da mahai ganean ukabilkadea emon eta goranzko bideari ekiteko. Ez da erraza izango. Ustez, Bate Borisov moltsoko talde makalena bada be, Bielorrusiako taldea aurkari deserosoa izango da bere zelaian. Valverdek bere hamaikakorik onena zelairatuko dau gaur, garrantzi handia emoten deutsalako Txapeldunen Ligari. Ganera, badaki aukera aproposa dala dinamika negatiboa bertan behera ixteko.

Ez dot amaitu gura Eibarren inguruan lau berba esan barik. Gaizka Garitanoren taldeak itxura bikaina emon eban San Mamesen eta ederto lotu eban etxeko taldea. Eibar talde sendoa da, ondo antolatutakoa, eta bide horretatik jarraitu ezkero ez dau arazorik izango lehen maileari eusteko. Eta hori guztia bigarren B mailatik igondako Errasti, Arruabarrena, Capa, Eneko Boveda, Irureta eta enparauekin. Meritu itzela daukie Garitanok, Ferreirak, Lafuentek eta koadrilak...