ASTE honetan bertan Europako Batasunak ekainean eman zituen irizpide berriekin kalkulatuko dira hogeita zortzi herri zorionekoen Barne Produktu Gordinak eta, ondorioz, guzti-guztiak aberatsagoak izango omen dira (gara). Ekonomiaren arkanoak. Izan ere, Europako Batasunak uste zuen hainbat ekimen ekonomikoren etekinak ez zeuudela behar bezala zenbaturik eta horren zerrenda egin zuen: lehendabizikoa: ikerketa eta garapen programetan gastatzen den dirua, hortik helduko omen baitzaigu biharko aberastasuna; bigarrena: gastu militarrak, gerrak betidanik izan dira negozio batzuentzat, zergatik ez zenbatu, orduan, tanke eta hegazkinetan inbertitzen dena (ziniko jartzen ari naiz, bai); hirugarrena: prostituzioa, diru asko dago tartean, beltza eta zikina, nahi baduzue, baina dirua da azken finean; laugarren eta azkena: droga trafikoa, baita tabako kontrabandoa kontuan harturik ere, negozio eder horretan euroak biderkatzen dira etengabe, antza. Kalkulu berriak egin eta gero, BPG igoko da eta, ondorioz, defizita jaitsi eta estatuek diru gehiago izango dute gastatzeko.

Adituak portzentaiaz eztabaidatzen ari dira eta dezimak zenbatzen, edo prostituzioan eta droga trafikoan mugitzen den dirua kalkulatzeko metodoak aztertzen, baina inork ez du ideia zalantzan jarri. Prostituzioaren lege kontsiderazioaz inork ez du ezertxo ere esan, ezta drogak legeztatu edo arautzearen aukeraz ere. Emakume trafikoaz ezta hitz bat ere, kartzeletan dauden trafikatzaile txikiez deus ez. Ziniko jartzen ari naiz? Uste du hipokrisia hitzak ezin duela hau guztia azaldu eta beste bat asmatu beharko genukeela. Itxurakeria? Zurikeria? Motz gelditzen zaizkit guztiak.

Prostituziotik eta drogetatik ateratzen den dirua ofizialki zenbatzen bada, ez dugu eztabaidatu behar negozio horietan lan egiten duten pertsonen egoeraz, pertsona ahulen egoeraz? Baina, badakit, ekonomia da garran-tzizkoena, estatistikak. Jendearekin zer gertzen den ez du axolarik. Ez dakit zergatik jartzen naizen horrela, ohituago egon beharko nintzateke.