TXISTUAK entzun nebazan zapatuan San Mamesen. Asko edo gitxi, baina txistuak. Eta entzun nebazan txistu guztiak ez ziren izan Teixeira arbitroak hartutako erabakiren baten aurka protesta egiteko edo Caparrosen taldeak denbora galtzeko erabili zituan azpijokoak sala-tzeko. Txistu asko edo askoren txistuak Athleticen aurka joan ziran. Jarraitu baino lehen esan behar dot inoiz ez dodala ulertu Katedralera bere taldeari txistu egitera doan jentea. Eta ez neban ulertu Ander Iturrasperi txistuka hasi zirenen jarrerea. Jokalariak inork baino hobeto daki huts ikaragarria egin ebala eta momentu horretan inoiz baino gehiago behar dau San Mamesko zaleriaren babesa eta berotasuna.
Shakhtar Donetsken aurka jokatu ostean Ernesto Valverdek esan eban inork ez ebala esan Txapeldunen Ligako bidea erraza izango zanik. Gauza bera esan daiteke 2014-2015 denboraldiaz. Historikoki frogatuta dago Europa mailako lehiaketa bat jokatzeak ondoko kalteak eragiten dituela Liga txapelketan eta Athletic hasi da kalte horreek igartzen. Zuri-gorriak ez ziren gauza izan Granadari irabazteko San Mamesen. Hori gitxi balitz, garaipena eskura-tzeko atea zabaldu eutson Caparrosen taldeari. Valverdek sei aldaketa sartu zituen hasierako hamaikakoan taldeari freskotasuna emon gurean baina ez eban asmatu eta zuri-gorrien errendimenduak beherakada itzela euki eban, zelai erdian batez be. Hori gitxi balitz, Athleticek ez dauka zorroztasunik erasoko jokoan. Ez dau minik egiten. Aurreko denporaldian zuri-gorriak ez ziran inoiz golik sartu barik geratu Katedralean. Aurten ostera, partidu bi daroez jarraian aurkariaren atea zulatu barik. Arduratzekoa da zuri-gorriek hegaletatik erakutsitako ezintasuna. Balenziagak eta Susaetak aukera ugari euki ebezan arriskua sortzeko baina ez eben ganorazko erdiraketarik egin, ezta aurkaria gainditu be. Txanponaren beste aldean, goraipatzekoa da Xabi Etxeitak atzealdean erakutsitako sendotasuna. Txapeldunen Ligaren ondoko kalteekaz jarraituta, Valverdek argi eta garbi esan dau Liga txapelketari emoten deutsola lehentasuna, Europako lehiaketaren aurretik. Asmoa hori bada, zer dela-eta aldatu eban talde erdia Granadaren aurka eta ez egun batzuk lehenago Ukrainiako txapeldunaren aurkako partiduan? Etorkizunean baleiteke aldaketa gehiago egotea Europako partiduetan. Liga txapelketako lau jardunaldi jokatuta, Athleticek hiru puntu bakarrik eskuratu ditu. Errealitatea gordina da. Egia esateko, ostera, Granadaren aurkako porrota kenduta, beste hiru jardunaldietan gertatutakoa normaltasunaren barruan kokatu geinke. Beraz, ez gara zoratu behar. Ganera ez daukagu zoratzeko asti askorik be, taldeak Ligako partidu bi jokatuko dituelako aste honetan. Iraolak Granadaren aurkako partiduaren ostean esan eban lez, Rayo eta Eibarren aurkako sei puntuak eskuratuta, laino guztiak desagertuko lirateke. Horretarako, baina, irabazi egin behar da.