Síguenos en redes sociales:

Dena galtzen da

bUELTAKA ibiltzen zen etxean. Urrats txikiz osatzen zuen sukaldeak edo gelak zeukan angelua. Batzuetan, erdi erdian gelditzen zen. Mutu lotu ere. Kasurik egiten ez banion ere, gerora, une garden eta galdu horien pisua nabaritu dut. Jenio txarreko emakumea zen, fibra gogorrekoa, nekez menderatzen den horietako bat, baina era berean txikia eta arina. Barreak sortzeraino egiten nion kili-kili, edota altzoan altxatzen nuen berak barre kontrolagaitzarekin uzteko eta uzteko esaten zidan bitartean.

Etxeko portalean jesartzen ginen zeruko irudiak ikusteko. Hodeiak pasatzen zirenean ia zerbait ikusten zuen galdetzen nion. Begi urdin txikiak zituen eta nik pentsatzen nuen urdintasun horretan zeru urdina hobeto ikusiko zuela, baina bai zera! apenas atzematen zituen formak. Jolas polita zen. Azken urteetan, burua galtzen hasi zen familiako ba-tzuk ez ezagutzeraino. Alzheimerraren ziztada sakona izan zen eta espero ez zenituen kontuekin tematzen hasi zen; batzuk kuriosoak, beste batzuk desatseginak. Nirekin zuen tratuagatik ez zitzaion nire begitartea ahaztu, eta ikusi bezain pronto, barre moduko zerbait ezpainaratzen zitzaion. Maiz (gauez batik bat), ohera joan orduko, bere etxera eramateko esaten zidan. Mingarria zen hura niretzat. Nolako etxea izango zen buruan iltzaturik zeukana, ia bizitza osoa emandakoa ezagutzen ez bazuen? Egun batean, nitaz ere ahantzi zen amama. Begietara begiratu arren ez ninduen balizko ezagunen artean kokatzen, eta dementzia degeneratiboaren eta bakardadearen zuloan sartu zen betiko. Alzheimer gaixotasunak gaztigatu zuen; maldan beherako denbora izan zen hura, azkena heldu zen arte.

Gaur berton, irailaren 21ean, Osasunaren Munduko Erakundeak eta Nazioarteko Alzheimer Federazioak Alzheimerraren Munduko Eguna ospatzeko aukeratutako data da. Erakunde hauek zabaldu dituzten datuak ikaragarriak dira: munduan 24 milioi pertsonek pairatzen dute dementzia hau eta heriotza eragiten duen laugarren kausa da. Oraingoz sendabiderik ez duen eritasun honek bizitzaren alde iluna erakusten du. Dena galtzen da, baita izan zarena ere .