Baeizkoa
NIK uste nuen baiezkoa aterako zela. Baina ezezkoa atera da, tarte handiskaz, adituek diotenez. Nerea Arruti, bertan bizi den irakaslea, entzun dut egun hauetan Euskadi Irratian eta harendako erreferendum identitarioa bainoago, ezkerraren baloreetan sakontzeko aldarria izan da baiezkoa, Eskozia beti gelditu delako tory-en politikatik kanpo, Eskozia beti izan delako ezkerrekoa.
Nahikoa arrazoi nonbaitetik alde egiteko. Beste aditu batek ere Eskoziaren balizko independentzia Hego Ameriketako ezkerreko olatuarekin lotzen zuen aurrekoan.Venezuela, Bolivia, Uruguai eta Brasilen agintean dauden ezkerreko gobernuekin. Komunismoa ez den komunismoa izendatu zuen Vattimo filoso italiarrak, “identitate ahulak” proposatu zituen harexek. Vattimoren tesian Mendebaldeko -orohar, kultura- ezkerraren akasetako bat da Komunismoan, Anarkismoan, Proletargoaren Diktaduran -letra larritan dena- sinetsi duela, alegia, gauzak berez eta indartsuki izan badirela sinesten duen filosofia horretan; eta gauzak berez eta indartsuki direnez izendatu, inposatu eta ezarri egin behar dira, gauza guztien gainetik, baita jendearen borondatearen gainetik. Vattimok, aldiz, zera lioke: zer eta Komunismoa komunismoa baino ez balitz? Izatean beharrean, gutxi gorabehera ekitean balego kontua?
Horregatik filosofo italiarrarendako Venezuelako erregimena komunismoaren antzeko gobernu mota bat li-tzateke, hala nola, Uruguaikoa ala Brasilgoa.
Horrengatik nahi nuen Eskozia independientea, Europako aferak nonbaitetik askatzen hasteko muturra izan zitekeelakoz. Ezkerreko Eskozia bat, murrizketen kontra, beheko klasekoen aldeko eta sistema aldatzeko asmoarekin.
Zer erraza den amets egitea! Askotan gure esperantzak lekurik harrigarrienetan paratzen ditugu, baina inoiz ez da jakiten nondik lehertuko den eltzea! Ederra baiezkoak irabazi eta merkatuen abarrotsa entzutea. Ederragoa politikoen aurpegi durduzen errainua ikustea! Mendekuagatik bakarrik balitz ere!