Síguenos en redes sociales:

Kaleen izenak

DISKRIMINAZIO positiboa beharrezko egiten zaigu askotan; politikoki zuzena, beste askotan. Gizonezkoek etxeko lanak egitearen alde, osasunaren defentsan kirola, dieta garbia, edo ariketa fisikoa egiteaz gabiltzanean, ohitura batzuen alde nabarmen egiten dugu eta horri deitzen diogu, neurri batean, diskriminazio positiboa. Ez du esan nahi, ordea, denon gustukoa denik. Etxeko jaun izatea, edozer gauza eder jatea eta kirolaren zelai, kantxa edo bidea etxeko sofa eta telebista direla sinesten eta defenditzen dutenek ere hainbat dira. Ireki begi- belarriak, gehiengoa, dudarik gabe. Ia nire bizitza osoan, baiezko diskriminazio hori konplexurik gabe erabili dudan eremua hizkuntzarena izan da eta da. Gaztetxotik ikasi nuen diglosia hitzaren adiera, eta euskarari lehentasuna ematea ezinbestekoa iruditzen zait betidanik. 18 urte egin orduko, erabat doan, talde pare bati euskara irakastetik -edo saiatzetik-- hasi eta harrezkero euskaraz bizitzen edo horretaz, alor guztietan, arduratzen jarraituz. Beharturik izan gara euskaldunok bide horiek jorratzen, batez ere, aginduan izan ditugunak ez direlako saiatu edo, areago, kontra egin dutelako oraintsuko historian behintzat. Franko eta diktaduratik gero ere, gure ama hizkerak arerio franko izan ditu eta ditu, beste edo-zein gai edo jardueratik harago. Latza egin zait, betiere, jardun horietan dirautenak, aginteak eta botereak ematen dioten indarrez, gure oinarrizko eskubideen kontra aritu direlako.

Irratiz entzun dut, atzo bertan, “Ergatibo gabeko ikurrinarik ez independentziarik ez dut nahi”. Hala eta guztiz, Donostiako kaleen izen denak euskaraz (soilik) jartzeko lege modukoa aldarri dutela entzutean, kontraesan latza sentitu dut nigan. Baiezko diskriminaziotik, botereaz baliatuz, diktadura gorri batera abiatu ote diren pentsatu dut, hain zuzen. Euskaldunok hainbeste urtez jasan dugun zapalkuntza berdina delako, erdaldunak jasango dutena arau hori aurrera eramatean. Eta, hala diot, aurretiaz jakinik, diodana, ez dela ez baiezko diskriminazioa ez eta politikoki zuzena.