NOU Camp futbol zelaitik esku hutsik urtetea munduko gauzarik normalena da eta ez deusku min handiegirik eragin behar. Ganera, aspaldi honetan ohituten hasita be bagagoz. Edozelan be, aitortu behar dot baikor nengoala zapatuko partiduaren atarian, taldea zer edo zer lortzeko gauza zela uste nebalako. Valverde be uste horretakoa zen eta bere hamaikako titularra zelairatu eban Nou Campen, Txapeldunen Ligako lehenengo partidura begiratzen egon barik.

Usteak uste, partidua hasi eta minutu gitxira garbi geratu zen lehiakide bat bestea baino indartsuagoa zela eta norgehiagoka gurutze-bidea izango zela Ernesto Valverderen gizonentzako. Luis Enrikek eraldatu egin dau Bartzelona eta egungo taldeak ez dauka zerikusirik iazkoagaz. Blaugranek izugarri jokatzen dabe eta sekulako agresibidadea erakutsita gainera. Athleticeko jokalariek gorputz eta arima ipini behar izan eben etxeko taldearen erauntsiari aurre egiteko eta ezer gitxi egin eben Claudio Bravoren ate aurrean. Bartzelonak ez eutsan itxi Athleticeri bere jokoa egiten. Ito egin eban. Arnasa hartzeko astirik be ez eutson emon.

Edozelan be, eta Bartzelonaren nagusitasuna erabatekoa izan arren, Ernesto Valverderen taldeak eskura euki eban puntu bat urratzea Nou Campen. Lehoiak bizirik heldu ziren azken ordu laurenera. Kalbarioa amaitzear egoala, baina, Aymeric Laportek sastar-ontzira bota eban ordura arteko lan guztia. Iniesta, Messi eta Neymar aurrean eukita, atzelari bat ezin da lo geratu. Zuhurrago ibili behar da. Atzelariaren hutsarekin amaitu zen partidua zuri-gorrientzat. Ikasteko eta hobetzeko balio dagiala Nou Campeko porrotak. Bigarren mailako beste irakurketa batzuk be egin daitekez. Iker Muniainek hasiera bikaina emon deutso denporaldiari baina Bartzelonan negargarri ibili zen defenditzeko orduan eta salduta itxi eban Balenziaga etxeko taldearen erasoko jokaldi askotan. Beste alde batetik, Valverdek bigarren zatian eginiko aldaketek ez eben hobetu zuri-gorrien jarduna. Bizigarriak falta dira aulkian. Nou Campeko partiduagaz amaitzeko, Carlos Gurpegik kontu handiagoa izan behar dau defenditzeko orduan. Beste era batera esanda, ezin da zezen baten moduan sartu, are gitxiago area barruan. Antzeko zeozer esan behar dogu Iraizozen ganean. Aurrelari bat aurretik eroateak araudia urratzen dau. Beraz, kontuz.

Liga txapelketea alde batera itxi eta Txapeldunen Ligako lehen jardunaldiari ekingo deutsoe zuri-gorriek bihar San Mamesen. Valverderen gizonek lan handia egin eben Bar-tzelonaren aurka eta itxaron dagigun fisikoki osorik heltzea Shakhtar Donetsken aurkako partidurako. Txapeldunen Ligako aurkarien barri izan genduanean denok pentsatu genduan Athleticek aukera bikaina daukala final zortzirenetarako txartela eskuratzeko eta sailkapeneneko lehenengo postuan sailkatuta gainera. Horretarako, baina, ezinbestekoa da bihar lehenengo urratsa emotea. Garbi dago talde ukrainiarra ez dela aurkari erreza izango baina edozein lehiaketan, eta are gehiago Txapeldunen Ligan, ezinbestekoa da etxeko partiduak irabaztea. Napoliren aurkako partiduan bizi izan genduana gogoan, denok uste dogu Athletic onena ikusiko dogula bihar. Ernesto Valverderen gizonen zenbakiak Katedralean ikaragarriak dira eta bide horri eutsi behar deutsoe berrogeta hamar mila zaleren babesagaz.

Athletic eta Shakhtar Donetsken arteko partiduak atariko bat eukiko dau bihar eguerdian Lezaman. Lezamako gazteek eguerdiko 12etan jokatuko dabe Ukrainiako taldearen aurka Joseba Etxeberriak zuzenduta. Aukera polita, harrobiko mutilak lehian ikusteko.