IKASTURTEA bukatzearekin batera, datorren ikasturterako matrikulak eta ordutegiak jaso eta egokitu behar izan ditugu urteko egunik luzeenak eskaintzen zaizkigun aste honetan. Ba-tzuk zozketa bidez izan dira eta, beste batzuk, irakaslearen gelara joan eta gainontzeko ikasle edota gurasoekin batera, interesatzen zaigun ordutegia zein den azaldu behar.
Irakaslearekin orduak adostu behar genituen bilera hauetako batean, hogei lagun sartu ginen. Irakasleak hartu zuen hitza bilera euskaraz edo gaztelaniaz nahi genuen egin galdetzeko. Nire harridurarako, inork ez zuen esan erdaraz egitea nahi zuenik. Harridurarako diot, zeren eta kontserbatoriora ikastera etortzen diren ikasle asko atzerritarrak direlako (errusiarrak, errumaniarrak, etb.) eta, tartean, horietakorik ere bazegoelako. Neure kautan pentsatu nuen, batzuen txanda helduko zenean, erdarara joko zutela.
Baina okertu egin nintzen. Banan-banan hitz egitea egokitu zitzaigun hara gerturatutako bakoitzari, eta, guztiok, euskaraz egin genuen gure eskabidea. Nire aldamenean jarrita zegoen biolinjole baten ama bulgariarrari, koadernoan antzeman nion, biolinerako ordutegiaz gain, euskara ikasteko ere hartua zuela.
Eta ordutegien dantza ez zitzaidan gogorra ere egin. Ez zitzaidan niri hobekien zetorkidan ordutegia egokitu, baina etxeko giro hartan, ez zitzaidan gogorra ere egin.
Halako batean, ordea, irakasleak bere seme-alaben ordutegia zein zen jakin behar zuela aditzera eman zigun ikasle batzuei ordu bat edo bestea emateko. Emazteari deitu zion sakeleko telefonoz. Eta orduan bai harritu nintzela, emazteari, 20 lagunen aurrean, erdaraz egiten ziola entzutean (emaztea euskaraduna da). Deiaren ondoren, ordutegia aldatu zigun zenbaiti eta, orduan, ez nintzen jada hain etxean sentitu. Gauza batak badakit ez duela harremanik bestearekin baina, sentitu, halaxe sentitu nintzen.