Síguenos en redes sociales:

Erabaki

Nahiko erraza izaten da nahi ez duguna identifika-tzea, seinalatzea. Egunero gogorarazten diogu gure buruari zer ez dugun nahi, egunero esaten diogu: ez zait gustatzen lan hau (hori lana daukanak, noski), edo ez zait nire gorputza gustatzen, edo ez ditut gustuko nire auzokideak edo, nik dakit, herri honetan dugun eguraldi goibel hau?

Noreberaren bizitzaren oposizioa izatea ez da zaila, eta egia esan, garran-tzitsua da ariketa hori egitea, hau da, zer ez duzun nahi ondo identifikatua izatea, eta ez zaizuna gustatzen kritikatzea eta salatzea, noski. Baina ba-tzuetan ahaztu egiten dugu geure buruaren oposizioa izateaz gain, geure buruaren gobernua ere izan gaitezkeela, eta dena aldatzea gure esku ez badago ere, egunero egin dezakegula, eta hori bai dagoela gure esku, nahi duguna bisualizatzeko ariketa: nora joan nahi dugun, nora heldu nahi dugun. Eta sinplea dirudien arren, ez da hain erraza.

Nahi ez dugun horretan gehiegi pentsatzeak, askotan nahi duguna ikusteko beharrezkoa den energia kentzen digu. Eta nahi dugunaz pentsatzeak, geure burua hobeto ezagutzeko aukera eskaintzeaz gain, helburu konkretuak finkatzen laguntzen digu, eta, ondorioz, hauek lortzeko bidean eraginkorragoak izaten.

Publizitate munduan dabiltzan enpresek ondo dakite hori. Zerbait saltzeko, jendearen nahiak irudikatu behar dira, modu eraginkorrago batean barneratzen baitira haien azaletan desia-tzen dutenaren irudiak, nahi ez duten gauzena baino. Hobeto barneratzen ditugu mezu positiboak. Geureak egiten ditugu.

Baina ez da beti erraza gustatzen ez zaiguna une batez ahaztu eta zorion-tsu egiten gaituena ikusteko ariketa egitea. Horrek meditazio puntu bat eskatzen du eta, batez ere, norberaren buruarekin zintzotasun dosi handi bat.

Arazoa ez da hainbeste botila erdi beteta edo erdi hutsik ikusten duzun. Garrantzitsua dena da botila zerekin bete nahiko zenukeen jakitea. Eta beti ez daukagu hain argi.