Síguenos en redes sociales:

Ile bustia

ILE bustiarekin irten zara etxetik. Lehorgailua izorratu zaizu eta ezin izan duzu sikatu. Haserre atera zara, a ze modu traketsa eguna hasteko. Etxetik lanera hamabost minutuko ibilbidea duzu. Goizeko freskotasuna zure buru bustiarekin kontaktuan jartzean sortu dizun hozkirria lepo eta sorbaldatik zabaldu zaizu, eta gihar guztiak gogortuta egin duzu bidea, bulegora sudurretik muki urtsuak tantaka dituzula ailegatu arte. Sekulako lasaitasuna hartu duzu bulegoko berogailuaren epeltasuna sentitu duzunean.

Lehorgailua bezalako tresna txiki eta balio handirik gabeko batek huts egin eta egunaren hasiera guztiz baldin-tzatu dizu, oso gaizki eta deseroso sentitu zara. Orduan pentsatu duzu zer izango litzatekeen lehorgailuarekin batera zure etxeko eta bulegoko berogailuak funtzionatuko ez balute, edo etxean ur berorik izango ez bazenu, edo ertzera joanda, etxerik edo bulegorik ere izango ez bazenu. Zelakoa da kale gorrian dagoen batek sentitzen duen hotza? Zuk sentitu duzuna bezalakoa al da?

Minarekin legez, ez da berdin inoiz bukatuko dela jakitea ala ez. Agian zure mina erditu behar duen emakume baten kontrakzioen antzekoa da, hau da, mina izugarria da, baina hasi eta bukatuko dela jakiteak itxaropen izpi bat, lasaitasun bat, eskaintzen dizu; baina kale gorrian dagoenaren mina gaixotasun kroniko eta mingarri bat duenarena bezalakoa da, hots, etengabea eta bukatuko den esperantzarik gabekoa. Min sakona. Maiuskulaz idatzitako mina.

Gaur etxetik ile bustiarekin irteteak beste gorputz batzuen sufrimendura gerturatu zaitu. Udalak eskainitako ohe batean lo egin eta goizeko zortzitarako motxila bizkarrean duela kalean dagoen batek zer sentitu dezakeen pentsarazi dizu; edo etxean bizi duen indarkeria girotik ihesi, kalean euripean eta noraezean dabilen nerabe batek ur tanta lepotik sartzen zaionean sentitzen duen hotzikara irudikatu duzu. Denok ez gara mundu berean jaiotzen. Batzuk ile bustiarekin jaiotzera zigortuta daude.