LRUNBATEKO manifestaldiak ez zidan aparteko zirrararik, ilusiorik sorrarazi eta ez zidan eginkizun dagoen bidea egiteko gogo berezirik sortu. Etsigarria izan zen. Izan ere, agerraldia egiteko adosturiko baldintzak, bai eta goiburuak barnebiltzen zuen edukia ez ziren bete, ez batzuek haien kasa jardutea erabaki zutelako, baizik eta haien manifestaldia egiteko erabakia hartua zutelako lehenagotik, adostutakoaren gainetik zein azpitik. Horiek horrela, Autonomia kaleko puntu desberdinetan hainbat pertsona ikusi genuen espaloi batetik bestera diruak biltzen, presoen aldeko banderatxoak saltzen eta abar. Ez hori bakarrik, manifestaldiaren buruaren segidan presoen senideek hartu zuten lekua, dei-tzaileekin zer ikusirik ez zeukan beste kordel batek babesturik, inguruan zeuden herritarrak sartzeko aukerarik txikiena ere ematen ez zutela.
Ez zen isila izan, ezker abertzaleko eledunek esaten dutenaren kontra. Han izan ginenoi, bai eta agerraldiaren jarraipena egin zuten hedabideei ere -ezker aber-tzalearen inguruan kokatzen direnak barne- iseka egitea da halakorik baieztatzea... eta ez dauka zuribiderik. Herri honetan atxiloketak gertatzen direnean zein gertatzen ez direnean hainbatetan ikusi dugulako ekimen bateratuak gizartearen sektore jakin horrek bere helburuetarako nola baliatzen, irensten saiatzen den, inolako begirunerik gabe.
Heriotza, mehatxua, bazterkeria, presioa, iraina... sufrimendua gizarteratzen eta hedatzen ibili dira ba-tzuk hamarkadetan, ez ETA bakarrik, estrategia hori elikatu eta sostengatu duen ezker abertzalea deiturikoa ere bai. Orain, bakearen aldeko apustua, bide demokratikoen aldeko hautua egin du -aho txikiarekin bada ere-. Alabaina, garbi adierazi nahi dut jende horri ez diogula ezer zor, herritar gehien-gehienok egin baitugu bakearen, bizikidetzaren eta demokraziaren aldeko aukera oso aspaldi. Ondorioz, jendarte horri ez diogu eskertu behar herritar gehienok onartzen ditugun bizi-arauak onartzera iritsi delako. Besterik ez genuen behar!
Espainia gobernatzen duen alderdi nagusiak, ostera, garbi ikusten du mundu horrek egin dituen urratsak estropezuka egin dituela, hainbatetan konbentzimendurik gabe egin (eta egiten) dituela, eta bakearen eta bide demokratikoen aldeko bide mehe horrek kontrario gogorrak barruan dituela, hauskorra dela. Horrexegatik, ahaleginak egiten ditu sasoi bateko egoera buelta dadin. Erosoago sentitzen delako horrela... bai baitaki era horretara herri hau ezagutua izateko eta bere etorkizuna erabaki-tzeko asmoz, era daitezkeen gehiengoak aurrerabiderik gabe segituko dutela, gaur zein etorkizunean.
Bide luzea dugu eginkizun. Bide horri ekiteko konfiantza ezinbesteko makulua izango da. Konfian-tza eta gizarte aurreratu batean elkarrekin bizitzeko, elkarrekin bizitzen ikastea, gutxienekoak partekatzea, oroimenari eta gure historia hurbilari isekarik egin gabe.