Síguenos en redes sociales:

Doktrinak

KRISTAU ikasbidea, dotrina edo katixima izan da nire eta aurreko belaunaldietakoentzat doktrina izen horren esangura bakarra. Iraultza industrialaren inguruan katixima komunistaz ere aritu ginen, kristauen hori eredutzat hartuta hainbatean. Hortaz ere nire ezjakintasuna edo ziurtasun falta nabaria izaki, hiztegi batzuetara jo dut eta ez dut inondik aurkitu Parot-en doktrina edo, egunotan asmatu duten, "Estrasburgoko erabakiaren doktrina". Alegia, zerbaiti buruzko jakinduria edo iritzia edo azalpena izatetik, epai batzuei kastigu eran-tsia jartzera ez diot inondik konparatzerik atzematen. Doktrina hitzak Parot horrek emandako maisu irakaspen batzuen bilduma ematen du hurbilago, Espainiako gobernuak zigorrak luzatzeko asmatutako arau edo lege moduko bat baino. Hori delako, ez besterik, kasu honetan.

Europako Giza Eskubideen aldeko Auzitegi Nagusiak eraitsi berri du Parot doktrina. Madrileko agintariak berehala askatu beharko dute eta kalte ordain edarra eman 2008, urtetik harrezkero soberako kar-tzela zigorra jasaten dagoen Ines del Rio-ri. Ia denon ustez, beste 50 bat presok baldintza berdintsuak bizi dituztenez, kanpora bidean behar lirateke baina, hara nondik nora, ez dakit Madrileko Justizia edo Barne ministroak, Estrasburgokoa jakin eta ordu gutxitara, aurpegia gorritu ere egin gabe zer bota zuen: "Ez daukagu oraindik beste preso horiek aske uzteko doktrinarik asmatu".

Doktrinarekin ekinean, egunotan beste araudi moduko bat ere jarri nahian dabiltza, eusko- gaztelera nahasian esanda: "Hay que evitar los ongietorris" Saihestu ez ezik, zigortzen ere saiatzen direlarik. Esperientzia pertsonala ere ba dut nik honetaz. Atera zen baino lau urte aurrerago eta bere baimen gabe, anaia askatzeko ahaleginak egin nituen Justizia Ministerioan, PSOEko Belloch, Ibarra, Avilés eta beste bertan zeudenean. Ezinbesteko bi baldintza exijitzen zidaten. Presoaren benetako nahia -horiek ere euren doktrina trinkoa dute- eta herrian ongi etorririk ez egitea. Ongi azaldu zidaten, preso egotea kastigu hutsa dela eta ez duela omenaldirik merezi. Ongi etorrietan, epaitu aurretik egindako azioak omentzen direla.