Gaueko albistegia ikusten ari nintzen. Halako batean esatariak Arnold Schwarzenegger El Valle de los Caidosen izan dela argitu du. Arbuioa dario, eta Kaliforniako Gobernadore izandakoa lekuz kanpo dagoela eman nahi du adi-tzera. Erreportajea lekuz kanpo egondako beste hainbaten jokaerarekin bukatu da.

Amarrua. Ez dago Arnold Schwarzenegger lekuz kanpo, baizik eta monumentu osoa, bere horretan. Espainiako Estatuak bere buruarekin Gerra Zibilarekikoak garbi-tzen ez dituen bitartean ezin zaio kanpotarrari garbi ditzala eskatu.

Martutene nobela zoragarrian, Martinen familia abertzaleari desjabetutako jauregi eta lurretan eraikiko du Pilar pertsonaiaren aitak gerora familia nazionalaren ikur izango den klinika. Ez Pilarrek, ez Martinek ez dute desjabetze -hitz zuzenago bat ez erabiltzearren- horren kontrako amorru, desenkusatze edo zuritze berba bakarra ere ahoskatzen nobela guztian. Konfiskazioa onartu eta status quoa lege bihurtuko da. "Kontu zaharrak dira", "ez dezagun iragana astindu", "denok daukagu bekatua" moduko arrazoiak hauspotzen dira horrelakoetan.

Beethovenen frisoa deituriko Klinten lana itzultzeko eskatu dio Lederer familia judutarrak Austriako gobernuari. Nonbait, koadroa haiena zen, eta Bigarren Mundu gerra lehertu aurretik salarazi zioten ihes egin ahal izateko baldintza gisa. 2009. urtean onarturiko lege batek, ordea, bermatzen du Lederer familiaren eskaerako epai bidea.

Pentsa liteke horrelakorik bizi garen Estatu honetan? Ez. Garai haietan bi aldeek espoliaturiko artea bueltaraziko ez duten bezalaxe, irudika ezina da Pilarren aita- errekete euskaltzalea barkamena eskatzen Martinen aitari; are gutxiago kalte ordaina pagatzen.

Trantsizio delako horren izenean errotarria irentsarazi digute. Gero eta konbentzituago nago Espainia deitzen den erresuma horretako arazoetako asko -krisia kudeatzeko moduak barne- iragan lazgarria ezpondetan lurperaturik atxiki-tzeko guratik datorrela. San Ferminetan ikurrina zintzilikatzeagatik egindako atxiloketak, besteak beste. Hauts haiek, lohi hauek.