ARAZO baten aurrean gaudenean, askotan errepikatzen dugu esaldi hau: Bizitza ez da hain zaila, guk zailtzen dugu, guk nahastu eta korapilatzen dugu. Ba askotan neuk ere esan dudan esaldia den arren, ergelkeria bat dela iruditzen zait. Izan ere, bizitza zaila dela uste baitut, ez dela bide erraza. Guk nahastu eta korapilatzen dugula? Noski, baina bizitza ez da bakarrik arnasa hartzea, edo jan eta lo egitea; bizitza geu gara eta geure jarrerak, eta gure eguneroko harremanak, eta gure izaera? Ezberdin pentsatzen duten pertsonen artean bizitzea da bizitza baita ere, beraz jatorritik badaukagu arazo bat: nola lortu ezberdin pentsatzen duten eta interes ezberdinak dituzten pertsonak elkarrekin bizitzea istilu eta min handirik sortu gabe. Batzuetan lortzen dugu, beste batzuetan ez, baina bizitza arazo hori ere bada, beraz ez esan bizitza ez dela hain zaila. Bizitza zaila da, eta egunero egin behar dugu lan zailtasunak ahal bezala gainditzeko.
Bizitza hain zaila ez dela eta guk nahasten dugula esatea, egoera ideala pertsonarik gabekoa litzatekeela esatea bezalakoa da. Antzeko zerbait gertatzen zaigu leku bat jendez gainezka aurkitzen dugunean, hondartza bat adibidez, eta jendeak bat-batean nazka ematen digu, konturatu barik geu ere jendea garela eta geuk ere betetzen dugula hondartza. Ba berdin bizitzarekin, geuk osatzen dugu bizitza, eta ibilbide honetan zorionaren gailurra ukituko dugu batzuetan eta lokatzetan ibiliko gara plisti-plasta bestetan: maite dugun pertsona bat galduko dugu, edo zoratzeraino maiteminduko gara, edo lanetik kaleratuko gaituzte, edo haserretuko gara bihotzeko lagun batekin, edo berradiskidetuko gara eta elkarri emango diogun besarkadan murgilduta pozaren pozez negar egingo dugu.
Bizitza zaila da, eta haren indarraren aurrean gu hari single bat gara, Itoizek zioen modura. Hori onartuz gero, batzuetan oparitzen dizkigun une zoriontsuak gozatzeko dugun ahalmena biderkatu egiten da.