Esan ohi denez, gizartean ikusten ez dena ez da existitzen. Horixe bera gertatu ohi zaie hizkuntza gutxiagotuei ere, hizkuntza hegemonikoen aldamenean erabilera-eremu urriak ez ezik hiztun-kopuru txikiak dituztenei. Arazo horrekin egiten dugu topo gure artera geroz eta ugariago datozen herritar berriekin. Nafarroako Erriberan, Arabako Errioxan, herritar ugari pilatzen diren herri eta hiriguneetan euskara badenik ere ia ez baita antzematen.

Horrexegatik, halakoei deigarri egiten zaie euskara gure gizartean integratzeko makulu eragingarria dela esanez entzuten dituzten mezuak, gaztelania edota frantses hizkuntza baitira gure artean integratzeko, egunerokotasunean murgiltzeko behar-beharrezkoa dutena.

Gure seme-alabak euskarazko ereduetan edota ikastoletako murgiltze-ereduetan matrikulatzen ditugu, haien bizitzan gaztelania edo frantsesa nagusi direnean. Ez da lehenengo aldia galdetzen didatena euskaraz jarduteak zertarako balio duen, esfortzu horrek bene-benetan merezi ote duen, inguruko gehien-gehienak erdaraz eroso an-tzean ari baitira.

Gure artean geroz eta ohikoago, normalago bihurtu da nazioartean agerrarazteko ingelesaren erabilera sustatzea edota bisitan datozenak artatzeko nazioarteko hizkun-tzei tarte bat egiteko beharra. Ez nago horren kontra, geureari ere arreta, presentzia eta denbora dedikatzen diogun heinean. Gu ere bagarelako, gainerakoak diren modu berdinean.

Nazioartean ezagutzera eraman nahi gaituzten eraikinak atzerriko izenekin bataiatzen ditugu, harro antzean izendatu ere, euskara gainerako hizkuntzek osaturiko erakustokian agerrarazteko modukoa ez dela iradokiz bidenabar. Errebelatzen, asaldatzen naiz globalizazioak aniztasun linguistikoa eta kulturala ezabatzea dakarrenean berarekin. Gizateria are txiroagoa delako halakoak gertatzen direnean.

Belaunaldi berriek ezagutzera iritsi ez diren diktadore bat aipatuko dute euskarara hurreratzeko ahaleginik egin ez dutenek edota urteetan euskara narras daramatenek, haien kontzientzien lasaigarri. Nahiz eta harrezkero, euskaraz moldatzeko gutxieneko maila eskuratzeko denbora luzea igaro den, aukera ugari galdu duten eta, tarte horretan, milaka eta milaka erkide euskara ikastera iritsi diren.

Aitortzen dut, linguistikoki eta kulturalki asimilaturiko, ezabaturiko, menpekoa den herri honen askatasun-proiektua ez zaidala erakargarri, ez eta zirraragarri gertatzen.