Espainian PP alderdiak abian jarririko hezkun-tzaren erreformak azken urratsak egiteari ekin dio. Honenbestez, hezkuntza sistemak azken hogeita hamar urteotan jasan duen sakoneko zazpigarren aldaketa izango da PP alderdiak egingo duena. Besterik da, ordea, ondorio guztiekin abian jartzeko moduan egongo ote den. Munta handiko aldaketek, eragingarriak izateko, adostasun zabala behar izaten dute eta.
Gehientsuenen borondatearen eta iritziaren kontra ari da Hezkuntza ministroa, eta ez du kontuan hartu, lehenago sozialistek hainbatetan egin duten bezala, hezkuntza-gizartea epe luzean kokatzen dela eta gaurko gizarteen arazo funtsezkoenen konponbidearen osagaia ere badela. Horrexegatik, hezkuntzak behar-beharrezkoa du itun zabal iraunkorra. Nolanahi ere den, politikaren eremuan hezkun-tza maiz aipatzen bada ere, arlo hau gehiagotan da borroka politikorako gudu-zelai, akordiorako gune baino... eta horrela ez dago gaurko zein bihar-etziko erronkei ganoraz erantzuterik.
Nazioartean egiten diren azterketetan Espainiaren maila igotzea omen da asmoa. Halako emaitzak izateko arrazoietan, ordea, Espainiako Gobernuak ez du sakondu gura. Izan ere, hezkuntzara zuzenduriko baliabide ekonomikoen zenbatekoa ez ezik irakasleen oinarrizko eta etengabeko prestakun-tza, Unibertsitateen ekarria, hezkuntza sistema osoaren antolamendua, hezkuntza-erkidegoaren esku hartzearen nolakoa, curriculuma, eskola materialak, ebaluazio sistema, sakondu nahi diren arloak, ikuskaritzaren zeregina eta abar dira bene-benetan erabakigarriak direnak.
Hezkuntzara hurreratzen den pertsona bakoitzak testuinguru ekonomiko, sozial, kultural eta familiar desberdinak bizi ditu, bere garapena baldintzatzen dutenak. Hezkuntzaren zeregina da, hain zuzen, herritarren aukera berdintasunaren alde lan egitea eta gizartea kohesionatzen saiatzea, horrexetarako baliabideak eskuratzen zaizkion neurrian. Erreforma berri honek, aldiz, langa ugari jartzen ditu, geroz eta pertsona gehiago bazterrean uzteko sistema eraiki-tzen du, helmugara iristen diren gutxi batzuekin emaitzak hobetuko direlakoan... eta honek biharko gizarteetan arazo berriak sor di-tzake, jendarte zabalak bazterrean utzi ditzakeelako etorkizun hurbilean.
Espainiak berdindu nahi du, Erkidego bakoitzaren egoera zeinahi dela, bakoitzaren gabeziak eta orokortzeko modukoak izan daitezkeen esperientziak bazterrean utziz. Hortik ez dator errealitate bakoitzari egokituriko hobekun-tza-planik. Bateratu nahi dira errealitate desberdinak, hezkun-tzarekin zer ikusirik ez duten helburu politikoak zein ideologikoak lortzearren. Askotarikoa den gizartea ezabatu nahi du, erlijioa inbututik ere sarraraziz, Erkidegoetako eskumenak hankapean hartuz, gaztelaniari neurriz kanpoko pisua emanez, tokiko hizkuntzak indarberritzeko zein bestelako hizkun-tzak eskuratzeko ahaleginei hegalak moztuz, bide batez.
Horiek horrela, gaur eta hemen, gauza izango ote gara gure hezkun-tza sistemaren inguruabarrean akordio sendoak lehenesteko, hezurmamitzeko, alderdien arteko zurrunbilotik eta epe laburreko estrategietatik aldenduta?