Printze Txikia
Printze Txikia izan zen irakurri nuen lehen liburua, artean ume koxkorra nintzela. Etxean galdetu dut noiz izan zen zehazki jakiteko, eta bospasei urteko haurra izango nintzela esan didate. Eskolako ale zahar bat eraman nuen etxera, eta astebetera itzuli nuen bere lekura goitik behera irakurri eta gero, oraindik gogora ditzakedan pasarteak buruz ikasita. Andereñoak beste zerbaitekin hasteko esango zidan, liburuxka hark marrazki gutxi eta letra gehiegi zituelako, baina nik huraxe nahi nuela eran-tzungo nion. Eskerrak, bizitzezko nahitaezkoak diren hiruzpalau gauza orduantxe ikasi nituela uste baitut.
Orduan jakin nuen hizkiek segidak osatzen dituztela eta horiei hitz esaten zaiela. Edo, are garran-tzitsuagoa dena, hitz horiek behar bezala josiz gero, norberak pentsa-tzen duena azaltzeko balio dutela. Benetan negar egitea zer den ere erakutsi zidan, ordura arte niri jazotakoarengatik baino ez nuelako malkorik isurtzen. Maite duzun lagun mina galtzean sentitzen denari arrangura deitzen zaiola erakutsi zidan, eta oso balekoa izan zait ikasbide hori bizitzan zehar, tamalez askotan sentitu dudalako Printze Txikia irakurri izan ez banu izendatzeko handiegia zatekeen barruko min hori. Gariaren koloreko haur bitxiak kontatuta jakin dut zer den adiskidetasuna, eta horri esker gaur egun erraz bereiz ditzaket benetako lagunak zeintzuk diren, esku bateko hatzekin konta ditzakedanak.
Pertsona nagusi guztiak noizbait haurrak izan gara, baina ahaztu egin dugu, eta horregatik kosta egiten zaigu oinarrizkoena uler-tzea: zer den adiskidetasuna, zerk egiten gaituen berezi eta bakar, eta horrelako gauzak. Galdu egiten gara balizko arrazoien kiribiletan, benetan axola duenari erreparatu gabe. Horregatik, gertakariak azaltzen dituzten liburu mardulak eta ikasketa burutsuak behar izaten ditugu, eta denbora asko, gehiegi, galtzen dugu ulertu nahian, eta alferrik.
Haur izaten jarraituko bagenu, nahikoa litzateke 94 bat orrialdeko liburuxka mehe batekin.