Mozorroak
BATMAN koskor bat, spiderman korrikalari bi, urdin kolore guztiak metaturik zituzten trajedun printzesa zenbait, futbolari txikiak, Tina Turner itxuraz jantzita zihoan neskatoa, bakero pistoladunak,? denetarik ikusi nuen barikuan lanera nindoala, eta orduan ohartu nintzen aratusteak hastekotan zeudela. Atoan jarri zitzaidan buruan bueltaka kanta zahar hura, "pero que coño haces tu sin disfrazar?".
Aurrekariak ere izan ditugu egun hauetan. Maskarada sasoia ere bada, eta Zuberoako hainbat herritan ikusiko ditugu dantzariak eta inauteri sasoiarekin zerikusia duten lagun guztiak. Aurten Gamere-Zihigako gateek egingo dute eta Larrainen, Irurin, Ligin, Atharra-tzen, Lakarrin, Alozen, Ozazen, Arrokiagan, Urdinarbe eta Barkoxen izango duzue ikusteko aukera.
Ituren, Lantz edota Zubieta herrietan, inauteri aroari ekin diote hemen baino lehenago, eta modu herrikoiago batean, ohitura eta usadio zaharrei atxikita. Joaldunak ikusi ditugu herrien arteko ibilaldi burrunbatsuak egiten. Eta famatuak diren Tolosakoetan ere txupinazoa botata dago eta datorren asteartera arte ez da etenik egongo bertako parrandan, non baten bat mozorrotuta ez dagoenean, kanpotarra den seinale! Euskal Herriko hainbat txokotan jai saltsero, pagano eta lotsabakoen girotan murgilduko da populua, krisialdi nazkagarriaren presiotik eta eguneroko problematikatik ihes egiteko.
Kaletarrok mozorro globalizatuagoak erabiliko dituzte, kanpotik etorritakoak, baita betiko estilokoak ere. Telebistako saio patetikoetatik sorturiko pertsonaia are patetikoagoak izaten dira gako ederra koadrilakoekin barreak egiteko. Baina seguruenik patetikotasun hau klase politikora ere helduko da aurten, ironiaz, burlaka, eskarnioka eta trufaka. Hor ibiliko dira Rajoy, Barcenas, Mato, Cospedal, Barcina, Urdangarin, Rato, Acebes, Cascos, Oreja eta tribuko beste guztiak aurpegi plagiaturekin, pozarren, bere dibertsioetako kontuak haizatzen eta antzezten.
Benetakoak sasi-etikaz, gezurrez, korrupzioz, faltsukeriaz mozorroturik joaten dira beti, hortaz pepelerdo hauei ezin kantatu: "pero que coño haces tu sin disfrazar?"