Athleticek irabazi egin behar eban Celtaren aurka eta hiru puntuak San Mamesen geratu ziran. Horixe zan helburu nagusia eta zuri-gorriek bete egin dabe. Hamabost jardunaldi jokatuta, Marcelo Bielsaren taldeak sei puntura ditu maila galtzeko postuak eta sei puntura baita Europa League jokatzeko tokiak. Beraz, esan beharrik ez dago Celtaren aurka lortutako hiru puntuek lasaitasuna ekarri dabela. Eta horixe behar dau Athleticek, lasaitasuna, apurka apurka bere benetako mailea emoten hasi daiten.
Hortik aurrera gauza asko komentatu daitekez. Athleticeko jokalariek kolpe eta zartako gogorrak jaso dabez denporaldi honetan eta huts egiteko ikarea igarten jake zelaian. Ia inork ez dau arriskatu gura, huts egitearen ikaraz. Eskuko frenoa botata urten eben zuri-gorriek -ia guztiek- zelaira. Eta ulertzekoa be bada, gertatu diranak gertatuta. Ganera, ez da ahaztu behar Iraola eta Iturraspe barik jokatu ebala taldeak eta gizon bi honeek oso garrantzitsuak dira Bielsaren blokean.
Hamalau jardunaldietan hogeta hamabi gol jaso dauzan talde batentzat garbi dago zein dan lehentasuna. Domekan Iraizozek ez eban golik jaso aspaldiko partez. Urriaren zazpian geratu zan hutsean zuri-gorrien atea azkenengoz Osasunaren aurka 1-0 irabazitako partiduan. Egia da, bai, Athleticek ez ebala arrisku handirik sortu Celtaren atean baina era berean galiziarrek ez eben ia jaurti Iraizozen atera. Bada zeozer. Edozelan be, danok dakigu gaurko Athletic oso urrun dagoala iaz Europa osoa liluratuta itxi eban taldetik. Bidea luzea da eta pausuz pausu joan behar da. Zoratu barik. Badakigu zer emon leiken talde honek eta ez dogu itxaropena galdu behar.
Ondorio garrantzitsuena hiru puntuak eskuratzea izanda be, beste irakurketa positibo batzuk be atara geinkez Celtaren aurkako partidutik. Taldeak ez eban golik jaso eta ahalegin horretan azpimarratzekoa da Ekiza eta Ramalhoren lan ona. Barakaldokoak ikaratsu urten eban zelaira baina partiduak aurrera egin ahala sendo eta ausart azaldu zan. Lehen taldeagaz egin dauen partidurik onena izan da Celtaren aurkakoa.
Zer esan geinke Aritz Adurizen inguruan. Donostiarra, denporaldiko hamabigarren gola sartzeaz ganera, beti agertzen da taldeak behar dauenean. Eta behar dau. Hori gitxi balitz, lan itzela egin eban gora eta behera, alde batetik bestera, taldeak erasoko jokoa sor-tzeko zituan arazoei urtenbideren bat emon gurean. Eredugarria benetan.
Aymeric Laporte, hamazortzi urteko gaztearen debutak be poztu egin behar gaitu. Etorkizun handiko jokalaria da eta hemendik aurrera sarri ikusiko dogu Bielsaren deialdietan, are gehiago Fernando Amorebietaren etorkizuna argituten ez dan bitartean. Iurretakoaren kontratua datorren ekainaren 30ean amaitzen da eta hondino ez dau akordiorik adostu Athleticegaz lan hitzarmena barriztuteko. Urtea amaitu baino lehen nobedaderik ez egotea -eta ez dau emoten egongo danik- oso albiste txarra izango litzateke Athleticentzat. Laporte aitatuta, zilegi da Bilbao Athleticeko beste zentral bat gogora ekartea. Unai Albizua, hogetahiru urteko laudioarra, lan bikaina egiten dabil Kuko Zigandaren taldean eta adituen arabera sasoi betean dago jauzia emoteko.
Eibar eta Mallorca ditu zain Athleticek aste honetan. Irabazi beharreko partiduak biak. Kopakoa, aitzaki bakoa. Bielsaren taldeak ez leuke arazorik izan behar Bigarren B mailako aurkaria mendean hartzeko, arerio erosoa izango ez bada be. Mallorcako partiduan azterketa gogorra eukiko dau Athleticek. Joaquin Caparrosen taldea itota dago eta garbi dago zelan planteatuko dauen partidua Utrerako entrenatzaileak. Aukera ona Athleticentzat aurrerapausu garrantzitsua emoteko.
Amaitu baino lehen zorionak Athleticeko gazte mailako taldeari. Realari 4-2 irabazi ostean zuri-gorriak sailkapeneko buruan dira txuri-urdinei hamalau puntuko aldea kenduta. Zorionak baita alebin mailako mutikoei Amorebieta Cup irabazi dabelako. Unai Naveira zuri-gorriak jaso eban jokalari onenarentzako saria.