Aurretik idatzita egoan gidoia goitik behera bete da Athleticen azken partiduan. Inor gitxik itxaroten eban zuri-gorriek punturen bat lortzea Santiago Bernabeun eta holantxe gertatu da, lehoiak esku hutsik itzuli dira-eta. Gauza gehiegi zituan aurka Athleticek. Hasteko, partidu bat irabazteko aukeraren bat izateko, garaipenean sinistu egin behar da eta ez dot uste Bielsaren gizonek, Herrera, De Marcos eta Amorebieta barik, fede handirik ebenik. Athleticen ahulezia eta Real Madrilen zorroztasuna aurrez aurre izan ziran Santiago Bernabeun eta, jakina, merengeek iruntzi egin ebezan lehoiak.

Golak banan-banan aztertu ezkero, garbi ikusi geinke Athleticeko atzelariek alfonbra gorria ipini eutsela Benzema eta enparauei Iraizozen aterako bidean. Lehen golean aurrelari frantziarrak karterea ostu eutsen San Joseri eta Jon Aurtenetxeri, berrogei metroko pase luzea aprobetxauta. Bigarren golean, Sergio Ramosek Iraizozen area txikian egiten dau errematea bakar-bakarrik ganera. Real Madrileko errematatzaile onenetarikoa izanda gatxa da ulertzen zelan egon daiteken bakarrik. Markatzaileak Modric jagoten egongo ziran. Hirugarren gola, aurretik ikusita geunkan. Europa Leagueko finalean Falcaok egin eban lez, Benzemak buelta osoa emon eban Athleticen arean eta ezkerrez bigarren zutoinean jarri eban baloia, zuri-gorriak begira egozala. Kezkagarria da benetan Athleticen defenditzeko egiturearen ezina, biguntasuna eta agresibidade faltea. Houston, arazo handia daukagu. Zenbakiak hortxe dagoz. Iraizozek hogetasei gol jaso dauz hamabi jardunalditan, partiduko bi baino gehiago. Atzealdeko arazoa konpondu ezean Athleticek oso gatx eukiko dau sailkapenean gora egitea. Zama astunegia da.

Dana dala, Santiago Bernabeun irabaztea gatxa baino gatxagoa da, are gehiago Real Madril puntu premian dagoanean. Ezustekoa gertatzeko aukera txikiena sortu ezkero hantxe agertzen da epaile jauna sua amatateko. Teixeira Vitienes medikuarengana joan behar da, ikusteko eta entzuteko arazoak dituelako. Ez eban ikusi Coentraok baloia eskuagaz ikutu ebanean partidua 3-1 egoala. Horrelakoetan beti sortzen jaku zalantza handi bat: ez eban ikusi ala ez eban ikusi gura izan? Arbitro honek en-tzuteko arazo itzelak daukaz. Izan be, ez ebazan entzun Santiago Bernabeuko "zale" koadrila batek Gurpegiri botatako irainak, jokalariak partidua jokoan zala gertatzen ari zanaren barri emon arren. Markel Susaetak be epelak entzun behar izan zituan "la cosa" dala-ta. Badakizu hurrengoan zer egin behar dozun. Santiago Bernabeun gauza gehiegi dagoz libre. Hori bai, txalo zaparrada ederra eskaini eutsien Fernando Llorenteri eta honek txaloak itzuli bere taldekideak irain-tzen ebilzanei.

Kontuak kontu, ez da ezustekorik gertatu. Athleticek galdu egin dau Santiago Bernabeun. Oraingoan txarto jokatuta. Egia esateko, ondo jokatu dauenean be galdu egin dau. Sailkapenean zuri-gorrien azpitik dagozan talde gehienek be ez dabe punturik lortu eta jausteko postuak lau puntura dagoz hondino. Aurrera begiratu behar da partidu garrantzitsuak datoz-eta. Lehoiek hil ala biziko partiduak jokatuko dabez eguenean Europa Leaguen. Partiduak dinot ze Athleticek Israelen eta Txekian jokatuko dauelako. Bielsaren gizonek irabazi egin behar dabe euren partidua baina Olympiquen garaipena behar dabe, hurrengo faserako txartela azken jardunaldian erabagi daiten San Mamesen Athletic eta Spartaren arteko partiduan. Hiru egun beranduago, domekan, hiru puntuak ezinbestekoak dira Deportivoren aurka. Ez neban ezer onik itxaroten Santiago Bernabeuko partidutik baina baikor nago hurrengo partidu biei begira.