DILISTAK jarri ditut presio-eltzean, gaur goizean, gosaldu bitartean. Kafea eta tostadak bukatu eta oraindik muturra altxatu gabe zegoen. Bertan geratzea erabaki dut, eltzeari begira, beste ezer egitera joanez gero, ahazteko joera izaten baitut, eta ez nuen etxeko guztiak dilista-eztanda batekin esnatu nahi. Eltzearen muturra poliki-poliki gorantz doala begiratu bitartean, pentsatu dut presiorik gabe ez dagoela ezer. Dilistak egiteko presioa behar den moduan, berdin gertatzen da bizi-tzako beste hainbat arlotan ere. Negar egiten ez duenak ez du ezer lortzen, antza, nahiz eta negar egiteak ez duen bermatzen inolako lorpenik.

Egiten dieten presioaren arabera mugitzen dira hein handi batean gobernuak. Eta hor gizarte eragileek zer esan handia dute. Merkatuek eta finantza lobbyek presioa egiten dietela hori ez du inork zalantzan jartzen, ikusi besterik ez dago nola dauden gobernuak botere ekonomikoen eskuetan. Horregatik dira hain garran-tzitsuak gizartetik jaiotako mugimenduak, horregatik da hain funtsezkoa egiten duten presioa. Emakumeen eskubideak adibidez. Talde feministen eta emakumeen elkarteen presioa ezinbestekoa da gobernuek berdintasunean aurrera pausuak eman ditzaten eta gizartearen sentsibilizazioan aurrera egiteko; zer esan euskarari buruz: euskalgintzaren lan eta presiorik gabe gaur baino zenbat kilometro atzerago egongo ginateke herri euskaldun bat eraiki-tzeko ahaleginean? Pobrezia, arrazakeria, minusbaliotasunak, kon-tsumitzaileak, ekologismoa? Bakoitzak bere presio-taldea behar du inork kasu egingo badio.

Askotan, gizartetik sortutako talde hauen indarra gutxietsi egiten dute gobernuek. Askotan, ahaztu egiten dute gizartea dilistaz betetako presio-eltze bat bezalakoa izan daitekeela: ez badiozu kasurik egiten, sutan dagoela ahaztuz gero, azkenean eztanda egiten du, eta kalteak izugarriak izan daitezke.